Milioi bat euro baino gehiago gastatuko dute Armintza urbanizatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 20a, 19:46
Lemoizko Udalak Armintzako herrigunearen eraberritze lanak abiatu ditu jada. Udal iturriek jakinarazi dutenez, bi zatitan egingo dira: Talaia izenekoa orain pare bat aste hasi ziren egiten, eta 1.196.000 euroko udal inbertsioa suposatzen du. Neurri batean, Eusko Jaurlaritzaren Izartu programak diruz lagundutako obra da. Horrela, zazpi hilabetetan zehar, 5.801 metro koadro urbanizatuko dituzte. “Hartuko dituen aldeak eliza eta Talaia urbanizazioarena izango dira”, Pedro Botejara alkateak argitu duenez. Gaineratu duenez, “obra gauzatzeko, garapen iraunkorreko irizpideak hartu dira kontuan obra gauzatzeko eta, bide batez, ingurumena ez kaltetzeko”. Argazkian, Armintzako portua.
"Irudi modernoa eta eguneratua izango duen esparrua irisgarria izango da", Botejararen hitzetan, eta zonaldean kokaturiko udal ekipamendu nagusien arteko oinezko komunikazioa ahalbidetuko du (eliza, frontoia, osasun zentroa, portua...). Aldi berean, “armonia egokia lortuko du inguruan izaten diren trafiko mota ezberdinen artean, ibilgailuena zein oinezkoena”, azpimarratu du alkateak. Bestalde, lurzoruari dagokionez, altxatu egingo da neurri batean, beharrezkoa delako lurperaturiko sareak berritzea eta airetik kokaturikoak lurpean jartzea. Jorratuko diren beste puntu batzuk euri uren eta ur beltzen kanporaketa-sareen berriztapenarekin uztarturikoak dira, argiarentzako instalazio elektrikoaz, telefono sareez eta ur edangarriko eta ureztapen automatikoko horniduraz gain.

Azpiegiturak

“Zoladurari dagokionez, harri itxurako material ezberdinak erabiltzea aukeratu da, inguruarekin bat datozen materialak, hain zuzen”, azpimarratu du Botejarak. Eta hiri-altzariak osotasunean barneraturik egongo dira. Esparruak eratzen eta egoteko guneak ahalbidetzen lagunduko duten bandak jarriko dira, mantentze lan gutxiko eta iraupen handiko ereduak topatzen saiatuz. Horrela, paperontziak altzairu lakatuzkoak izango dira.

Argiek ere estetika berezia izango dute. Xedea inguruarekin bat datorren hiri eszena eratzea da, inguruaren aukerak sustatuz eta ikuspen argia ahalbidetuz. “Hori dela-eta, norabide bakarreko luminaria aukeratu dugu. Argia lurrerantz proiektatzen da, argi kutsadura ekidinez. Kalean asimetrikoki lerrokatzea aurreikusi da, esparrua zabalagoa izatearen itxura emateko”, zehaztu du udal agintariak. Oinezkoentzako toki batzuetan, frontoiaren pareko zonaldean adibidez, argiztapen ahulagoa erabiliko da eta Armintzekalde kaletik igarotzen den aldaparen murruetan itsatsirik egongo da. Obra horiek guztiek hainbat zuhaitz eta berdegune izango dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun