Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Gazteriaren gehiengoa gaztetxeen aldekoa dela gogorazi diote Arrueri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 12a, 22:57

Martxoaren 5ean Marisa Arrue Getxoko PPko presidente, zinegotzi bozeramaile eta alkategaiak egindako adierazpenei erantzunez, oharra kaleratu du gaur Itzubaltzetako Gazte Asanbladak (IGA). Arruek Errekagane kaleko tailerren aurrean, Itzubaltzeta gaztetxetik gertu, prentsaurrekoa ematea "bitxia" iruditu zitzaien bertoko neska-mutilei. Hain zuzen, bertan "balizko zaharberritze proposamena" azaldu izana, gune autogestionatuaren aurkako "eraso berri baten hastapena" ez al den izango galdetu diote ordezkari popularrari. Horrenbestez, inkestak baliatuz burututako ikerketa jarri du mahai gainean IGAk, "gazteriaren gehiengoa espazio autogestionatuen aldekoa" dela gogoratzeko Arrueri. Argazkian, gaztetxeko kideak Arruerekin hizketan.

IGAk kaleratutako oharra:

Arrue, baina zer dinostazun?

Datozen udal hauteskundeen kanpainaren harira, Marisa Arrue Getxoko PPko hautagaiak prentsaurreko bat eman zuen pasa den astelehenean, martxoak 5, Errekagane kaleko tailerren aurrean, bertan Itzubaltzeta gaztetxea dagoela. Bitxia iruditu zaigu balizko zaharberritze proposamen bat azaltzeko leku hau aukeratu izana. Izan ere, Getxon hobekuntzak behar dituzten hamaika zonalde daudela kontuan hartuta. Gaztetxearen aurkako kanpaina baten hastapena ez al da izango, Arrue anderea? Areetako skate park-a Errekaganen jartzea eskatu eta bi urte beranduago, Arruek bi “alternatiba” berri eskaini zituen “beldurra ematen duen kale itsusi” horretarako: berdegune bat eratze edo, ibaitik 10 metrora ezin dela eraiki ahaztuta, bertan gazteentzako “tailerrak baldintza onetan” altxatzea, beti ere Udalaren menpekoak izanik.

Itzubaltzeta gaztetxetik nahi ditugun lokalak herriarengandik eta herriarentzat direla gogorarazi behar dugu. Hots, lokal autogestionatuak, gazteek beraiek beren jarduerak gauza ditzaten, gaztetxean aspalditik egiten dugun legez. Herriak nahi dituen jarduerak ezagutzeko, IGAtik inkestetan oinarritutako ikerketa burutu genuen, eta bertan argi eta garbi gelditu da gazteriaren gehiengoa espazio autogestionatuen aldekoa dela. Azkenik, alderdi guztiei esan behar diegu orain arte aurrera eraman dugun filosofiaren aurkako proiektu ororen kontra izango garela aurrez aurre. Ez dugu iruzurretan eroriko.

Gora Itzubaltzeta gaztetxea!

Itzubaltzetako Gazte Asanblada (IGA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun