Mendibileren "hileta" parodiatzen ari ziren 50 bat gazteri oldartu zaizkie Leioako udaltzainak eta ertzainak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 30a, 00:06
Gaur iluntzean gonbidatu berezientzat zabaldutako Bizkaiko txakolinaren egoitzaren kanpoaldean, 50 bat gaztek salatu dute "Mendibileren heriotza". Beltzez jantzita eta "autogestioa" jartzen zuen zerraldoa zeramatela, kalejira egin dute neska-mutilek, Udondo gaztetxetik Mendibile jauregiraino, txakolinaren inguruko "negozioa" salatzeko. Izan ere, esan dutenez, "nahiko ezagunak ditugu" Asier Arzallus (Bizkaiko Txakolina jatorrizko deituraren kontseilu arautzailearen lehendakaria) edo Javier Chalbaud (Txakolinaren Museoaren arduraduna, ABAO elkartearen zuzendaritzako kidea eta Xabier Arzallusen abokatu bulegoko kide ohia) "bezalako morroiak". Aspaldiko gaztetxera sartzera zihoazela borraz oldartu zaizkie Leioako udaltzainak eta ertzainak, "burezurra txikituko dizuegu" oihuka, gazteek salatu dutenez. Bitartean, Karmelo Sainz de la Maza alkate leioaztarrak eta Asier Arzallusek Mendibile Jauregia aurkeztu dute jendaurrean. Gune berri horretan dira Bizkaiko Txakolin Etxea, Txakolinaren Museoa, Bizkaiko Txakolinari buruzko esparru tematikoa eta kontseilu arautzailearen egoitza. Sainz de la Mazak ez du poliziaren erasoaren gaineko adierazpenik egin nahi izan. Argazkian, ertzainak erasorako prestatzen.
2000 urtean itxi zuen Mendibile gaztetxea Leioako Udalak eta gaur ireki du Mendibile Jauregia "vip" gonbidatuentzat; bihar egingo du beste horrenbeste auzokide ororentzat. Exisa eraikuntza enpresako arduradunaren aburuz, "jakina ez ditugula zazpi urte eman eraikitzen, aspaldi zegoen hau eginda baina joku politikoak markatzen du zein unetan inauguratu". Izan ere, askotarikoak entzuteko aukera badago txakolin xurruten artean. Barruko ekitaldian izan dira, besteak beste, Gonzalo Sainz de Samaniego Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Eusebio Larrazabal Bizkaiko Nekazaritza diputatua, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektorea, Xabier Arzallus politikari ohia eta hainbat zinegotzi, zinegotzi ohi eta kontseilu arautzaileetako kideak. Sainz de la Mazak goraipatu egin du Maite Apeztegia arkitektoak egindako lana "lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna lotuz asmatu duelako". Gainera, harro dagoela nabarmendu du alkateak, Mendibiletik hurbil sortu baitzen bera. Bereziki, eskerrak eman nahi izan die proiektua "ulertu" duten enpresei, "batez ere BBK eta Eroskiri". Bestelako enpresen dirua "ongi etorria" izango dela ere aipatu du.

Tradizioa eta teknologia berriak txakolinaren mesederako

Ondoren, Asier Arzallus Bizkaiko Txakolina jatorrizko deituraren kontseilu arautzailearen lehendakariaren txanda izan da. Arzallusek gogoan izan ditu azken urteotan Bizkaiko txakolinak emandako "aurrerapauso nabarmenak": bost bider gehiago ekoizten da orain, kalitatea eta produktuaren merkatua erraz handitu dira... Ildo horretan, Arzallusek nabarmendu du aldaketa horiek "fisikoki gorpuztea baino ez zela behar", eta hori haiz zuzen ere da berarentzat Mendibile jauregia, Bizkaiko Txakolinaren Etxea: "etorkizuna bermatzen duen azken urteotako helburu estrategikoa". Arzallusen aburuz, eta udalerrian ohikoa den hitz-jokoa eginez, Mendibile izango da txakolinaren munduari so egingo duen "leihoa".

Era berean, Bizkaiko Txakolina jatorrizko deituraren kontseilu arautzailearen lehendakariak nabarmendu du ez dela gaur lehenengo lan eguna Mendibilen, urtarrilean dastatze lanei ekin zietela eta egun etxea martxan dagoela. Arzallusek gogoan hartu du antzinako ohiturak eta teknologia berriak uztartzeko izan duten lana baina emaitza ezin hobea izan dela dio: "lehen bezala lan egiten dugu, baina azpiegitura hobearekin eta ilusio handiarekin".

Tradizioari egindako keinu baten berri ere eman du Arzallusek, Mendibileko sarreran eskegi duten erramu adarra edo brankea, alegia. XIX. mendeko ohitura hau berreskuratu dute txakolinaren denboraldia irekita dagoela adierazteko, izan ere "teknologia berriak jorratuz lan egiten dugu, baina ehunaka urte daramatzagu bertako ardoa ekoiztuz" eta hori islatzeko bertako tradizioak errespetatzeko baino ez dago.

Azkenik, ez da lehenengo aldia Leioako Udondo gaztetxeko kideek Mendibile gaztetxea zena "batzuen patrikak betetzeko balio duen" Txakolinaren Museoa eta jatetxea bihurtu izana salatu dutena, iaz ere egin Gaztetxe Martxan egin baitzuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun