"Independentziari irekitako ateak zeharkatzera" deitu dute Uribe Kostako martxistek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urr. 21a, 03:24
Uribe Kostako gazte martxan ibilitako 165 bat pertsonek borrokaz eta antolakuntzaz "independentziari irekitako ateak zeharkatzera" deitu zuten atzo Berangoko frontoian egindako ekitaldi politikoan. "Gazte! Kapitalismoa apurtuz, garaipena gure esku!" zioen dekoratuaren azpian, "etsipenerako garaia" baino "borrokatzeko garaia" dela zabaldu zuten, bereziki hiru frontetan, proiektu txikitzaileen aurkakoa, etxebitza eskubidearen aldekoa eta euskal eskola nazionala eskuratzekoa. Aste honetan atxilotutakoak askatzeko aldarriak, berriz, ekitaldia ireki eta itxi zuen txalo zaparradaren artean. Ekimena, martxako kideen adierazpenarekin, "Kaiolatik At!" bildumako azken bideoaren proiekzio batekin, martxaren abestiarekin, txalapartarekin eta okupazioaren, feminismoaren, euskararen eta sozialismoaren borrokak taularatu zituzten dantzariekin osatu zen. Ekitaldiaren ostean herri afaria antolatu zuten eta eguna bukatzeko Arritmia, Astintzen eta Okupando Rom@ musika taldeek kontzertua eskaini zuten 300 bat pertsonen aurrean. Aurretik, martxistek hainbat hausnarketa egin zuten, goizean zein arratsaldean, ibilaldian zehar.
Uribe Kostako gazte martxaren kideek irakurritako komunikatua:

Tripak jaten ari dira euskal gazteriarekin eta euskal herriarekin ezin dutelako. Bi estatu zapaltzaileek eta gatazkaren luzapenetik jaten dutenek ezin dute onartu menpekotasunik gabeko jendarte eredu bat. Horregatik, Segi "terrorista" izendatu dute. Horregatik, PNV eta PSOEk ezetz esan diote akordioari. Eta, horregatik, azken egunotako sarekada basatia gure eskualdean. Hemendik ozen salatu nahi ditugu azken egunotako atxiloketak!

Baina ez da etsipenerako garaia, borrokatzeko garaia baizik. Azken urteotan, ate asko ireki dizkiogu independentziari, ate horiek zeharkatu eta irabazteko garaia da.

Herrien interesen gainetik, inposaturiko proiektu txikitzaileak geldituko ditugu.

Etxebizitza pribilejio bilakatu nahi dutenen aurrean... gure kontura patrikak ez betetzeko esango diegu. Etxebizitza oinarrizko eskubidea da eta gure eskubideak ez dira zozketatzen!

Inposaturiko hezkuntza sistema ezabatuko dugu eta euskal eskola nazionala marraztuko dugu.

Hainbat alor dira borrokatu behar direnak. Argi dago gaur egungo agintariekin ez dagoela etorkizuna eraikitzerik. Borrokaz eta antolakuntzaz, sistema politiko eta sozioekonomiko berri bat eraikiko dugu! Estatu aske eta sozialista bat eraikiko dugu! Gazteriaren freskotasun eta errebeldiaz gazte herri berria eraikiko dugu!

Gora euskal gazteria!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Atxilotuak askatu!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun