Haur behartsuentzako jostailuak batzen dabiltza Berangoko gaztelekuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 27a, 21:29
Berangoko gaztelekuko neska-mutilek beste proiektu solidario bati ekin diote orain gutxi. "Gabonak heltzear daude; familian egoteko garaiak dira, poztasunez pasatzekoak, opariekin gozatzekoak... Ume guztiek Gabonak alai pasatzeko eskubidea izan behar dutenez, jostailu bilketa hasi dugu, behar duten umeei oparitzeko, irribarre bat euren aurpegietan irudikatzeko", azaldu dute bertoko arduradunek. Gauzak horrela, abenduaren 15era arte egongo da jostailulen bat emateko aukera. Bildutako guztiak Bilboko eta Uribe Kostako Mankomunitateko adingabeen harrera zentroetan eta baztertuak izateko arriskuan dauden familien artean banatuko dituzte. Argazkian, urriaren 13an egin zuten Baserri Gaua, Berangoko gaztelekuan antolatzen dituzten jarduera anitzen erakusgarri / Berangoko gaztelekua.
Besteak beste, abenduaren 22an jasoko dituzte euren opariak Uribe Kostako Mankomunitateko ume behartsuek. Olentzerorekin batera, abestiak, ipuinak eta giro ezin hobea egongo dira egun horretan, Berangoko Gaztelekuko arduradunek aurreratu dutenez. Horrekin batera, 13 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei deitu diete, eurekin egitasmoan parte hartzera. Horretarako gaztelekutik pasa edo 946 681 179 eta 946 682 143 telefono zenbakietara deitzea besterik ez dute gazteek.

Jostailuak uzteko lekuak:

- Berangoko udaletxea: 9:00etatik 14:00etara.
- Berangoeta kultur etxea: 9:15etik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara. Larunbatetan, 9:00etatik 14:00etara. Igandeetan, 11:00etatik 14:00etara.
- Santa Ana kultur etxea: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Larunbat eta igandeetan, 16:00etatik 20:00etara.
- Nagusien etxea: 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun