Fernando Etxegarai "Pinki": "presoontzat ikaragarri inportantea da herri bat atzean dugula jakitea"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 21a, 20:41
Ehunaka lagun batu ziren atzo eguerdian Plentziako Astillero plazan Fernando Etxegarai "Pinki" preso ohiari ongi etorria emateko. Mario eta Dabi Alvarez Peña zendutako etakideen erretratuak plazako kioskoaren alboetan zeudela, Plentziako Presoen Lagunak erakundeko kideek gogoan izan zituzten orain dela 30 eta 27 urte hildako anaiak, ondoren espetxean 20 urte eman dituen eta hilaren 4an askatu zuten Fernando Etxegarai Gaztearena Plentziako preso bakarrari ongi etorri ofiziala emateko. Familiak babestuta, Etxegaraik ez zuen ezkutatu bere poza eta arazoak "barruan" daudela esan zuen: "nahiz eta gure herriak askatasunik ez izan, kanpoan arazoak ez dira hainbesterako". Eta bere izenean zein barruan segitzen dutenean, plazan bildutako 300 bat lagunei eskertu zien 20 urte hauetan presoen alde agertu izana, "presoontzat ikaragarri inportantea baita herri bat atzean dugula jakitea". Bestalde, Plentzian euskarak izan duen hazkundea "pozgarria" dela esan zuen euskaldunberria den preso ohiak, eta bere amak gazteleraz ere hitz egiteko esan zionean, horrelakorik ez zuela egingo adierazi zien plazan zeudenei "guztion artean, plazan, euskaraz egin behar dugulako". Ondoren, txalo zaparrada jaso zuen. Argazkian, Etxegarai, eskuman, auzokide bat agurtzen.
Hitzaldian, Etxegaraik gogoan izan zituen "euskal militanteek" pairatzen dituzten atxiloketa, torturak, dispertsioa eta kartzela aldaketa franko eta salatu egin zituen euskal presoek baldintza hobeak dituztela esaten duten hedabideak eta pertsonajeak: "hori gezur hutsa da", esan zuen. Edozein presok dituen arazo zein baldintza latzak baino askoz okerragoak dituztela azpimarratu zuen, ordea.

Etorkizunari buruz, kartzelero batekin izandako anekdota baten bidez gogoratu zuen gatazka armatua "bihar goizaldean" amaitu daitekeela, horretarako "baldintza bakarra" baino ez dela bete behar, "Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea izatea", alegia. Baina, bere iritziz, Espainiak ez du horrelakorik nahi, eta horrek luzatzen ei du gatazka.

Independenteen debekua

Ekitaldiaren zehar, besteak beste, txalapartariak, dantzariak, musikariek, eta ezker abertzalearen, Askatasunaren eta gazte independentisten ordezkariek, berarentzat izan zituzten opariak, hitzak eta loreak, Alvarez Peña anaiekin ere partekatu zituztenak. "Eusko gudariak" abestuta, ekitaldia bukatu orduko, besarkada eta musuen artean mugitu behar izan zen Fernando Etxegarai, lagunak eta auzokideez inguratuta.

Herrian txikitoren bat hartu ostean jende gehiena Urdulizko Iretargi kultur elkartera abiatu zen bertan herri bazkaria egiteko. Izan ere, Plentziako alkatea den Isabel Zarauzak idazki baten bidez ukatu zuen baimena Plentziako Jai Alai udal frontoia erabiltzeko, Plentziako Independenteak bere taldea apolitikoa dela, herrian ekitaldi politikoak ez dutela suspertu nahi eta herri bazkaria ekitaldi politikoa izango zeneko susmoak bazituela argudiatuta. Plentziako Presoen Lagunek salatu zuten alkatearen debekua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun