Itsas kirolek hartuko dute asteburuan Plentzia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 15a, 12:07
Larunbat goizean bertan emango zaie hasiera kirol ekitaldiei Plentziako itsasadarrean: 11:30etik aurrera, Jai Alai pilotalekua eta errota arteko joan-etorria egin beharko dute batelek. Izan ere, Bizkaiko ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bertan, kategoria guztietako 80 bat ontzik parte hartuko dutela. Biharamunean, berriz, piraguen Bizkaiko Neguko Txapelketa izango da, Plentzia Piraguismo Klubak antolatuta. Horrenbestez, igandean, 15:00etatik aurrera, kategoria guztietako piraguistak lehiatuko dira, Butroi itsasadarrean barrena, Jai Alai pilotalekuan hasi eta bukatzeko. Talde bizkaitarrak ez ezik, Barrikakoa eta Plentziakoa tartean, piraguista gipuzkoarrak ere nor baino gehiago ikusteko aukera egongo da. Azkenik, etzi ere, Arkote Arraun Taldearen gaineko mahaingurua egongo da, 12:00etatik aurrera, Goñi Portal kultur etxean. Argazkian, Barrika Piragua Taldeko lagunak.
Arkote Arraun Taldearen 50. urteurrena ospatzeko iaz abiatutako ekitaldiekin jarraituz, igande honetan, otsailak 17, eguerdiko 12etatik aurrera, solasaldia egingo dute Plentziako Goñi Portal kultur etxean. Horrenbestez, mahai baten inguruan eseriko dira Jose Bergaretxe Arkoteko lehendakari ohia, Patxi Aranzabal kitol-medikua, Jose Ramon Mendizabal “Mendi” Zarautz Arraun Elkarteko entrenatzailea, Agustin Kintana Bizkaiko Arraun Federazioko presidentea eta Izortz Zabala arraunlaria. Besteak beste, arraun munduaren egungo egoeraz eta Plentziako taldearen 50 urtetako ibilbideaz arituko dira, moderatzaile lanetan Jose Angel Peña kazetaria dutela. Mahainguruaren aurretik, Txetxu Laraudogoitia Arkoteko sortzaileetako batek esango ditu hitz batzuk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun