Barrikabaso auzia eskuetatik ihes egiterik ez du nahi EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 18a, 17:40
Barrikako Udaleko Osoko Bilkurak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurrerakina baztertzea erabaki zuen atzo, aho batez. Horretarako, 2001ean, aipatu agiria idaztea agindu zioten Agora enpresarekin zeukaten kontratua apurtzea adostu zuen Udalbatzak. Txipio Bai elkarte naturalistak eskatuta zeukan jada HAPOren aurrerakina erretiratzea. Hala ere, bestelakoak izan ziren Juanjo Ezpeleta alkate jelkideak atzo emandako argudioak. Aurrerakina idazten dabilen teknikaria Eusko Jaurlaritzan zuzendari lanetan ere ari da, azken hauteskunde autonomikoetatik. "Bi lanok bateraezinak dira", udal agintariaren arabera. Oposizioko alderdiek, ordea, "bere alderdiak emandako agindutzat" hartu zuten Ezpeleta buru duen Udal Gobernuaren jarrera aldaketa. "EAJk ez du utziko Barrikabasoko auzia eskuetan lehertzen", adierazi zuen Heri Lago-Lekue EAko bozeramaileak. Babestutako inguru horretako Muriola eta San Telmo guneetan altxatutako luxuzko 14 txaletak "legez kanpokotzat" jo zituen uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak. Barrikabasoren babesa bermatu eta gunerako hirigintza egitasmoak baztertu ezean, txalet ilegalak eraisteko eskatuko zuela ohartarazi zuen Txipio Baik. Argazkian, Auzitegi Gorenak legez kanpo jotako txaletak / © Barrikako EA.
Atzo baztertu egin zuten HAPOren aurrerakinaren bitartez, legez kanpoko txaletetatik gertu 116 etxebizitza eraiki nahi zituztela salatu zuen, Auzitegi Gorenaren ebazpena eskuan, Txipio Bai elkarte naturalistak. Hala ere, agudo atera ziren Barrikako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia, sententziak ez zuela txaletak bota behar izatea ekartzen, esanez; ezta HAPOren aurrerakina aldatu behar izatea ere (Oraindik irakur daiteke espainolez Barrikako Udalaren webgunean). Hortik aurrerako pausuak, ordea, bestelakoak izan dira. Ekologistak irailaren bukaeran batu ziren EAJko goi karguekin eta, urriaren 8an, Pilar Ardanza eta Josu Madariagarekin; Hirigintza eta Ingurumen foru diputatuak, hurrenez hurren. Txipio Baiak arduradun politikoen buruak ere eskatuak zituen. Hala ere, horren kontra agertu ziren Aldundiko ordezkariak. Hori bai, Barrikabaso "babesteko neurriak hartzeko prest" agertu ziren. Horren ondotik etorri da, besteak beste, Ardanzak azaroaren 3an sinatutako foru agindua (pdf), 2001ean egindako Muriola eta San Telmoren kalifikazioa aldaketak bertan behera utziz.

Barrikako EAJk berak plazaratu zuen prentsa oharra, irailaren 16an, "udalerriaren etorkizuna konpontzeko" lan egingo zuela adieraziz, "herritarren sentsibilitate guztiak aseko dituen eta gure udalerrian paisaiaren aldetik zaindu beharreko lurzoru babestua mantentzen eta gordetzen lagunduko duen hirigintza garapen jasangarriaren alde gaudelako". "Barrikarako konponbiderik egokiena adosteko", elkarrizketarako prest zeudela adierazi zuten. Duela gutxi jakin da, inputatuetako batek auzia artxibatzeko eskaera atzera bota eta Barrikako EAJko presidentea zen Jon Larrazabal Ugarte eraikitzailea epaituko duela Getxoko 5. instrukzio epaitegiak, Muriola inguruan, Barrikabasotik gertu, orain urteak egindako lur isurketengatik.

Orain, HAPOren aurrerakina bazterrean utzita, enpresa berri bati agindu beharko diote Agorak egindako aztertu eta agiri berria egitea. Hurrengo osoko bilkuran abiatuko ditu horretarako pausuak Barrikako Udalak. Bitartean, "bi aldeek adostutakoari jarraiki", HAPOren aurrerakina egiten ziharduen Agorak 147.000 euro bueltatuko dizkio tokiko erakundeari, kontratuak ezartzen zuen ordainketaren erdia.

Luxuzko txalet ilegalak

Barrikabasoko gune babestuan dagoeneko eginda dauden hamalau luxuzko txalet legez kanpokotzat jo zituen uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak, horien eraikuntza baimentzeko lurren kalifikazioa legez kanpokoa izan zelako. Interes paisajistiko handiko tokia izanik, "babes bereziko gune" izendatua du Eusko Jaurlaritzak Barrikabaso; hortaz, ezin da lurrotan eraiki. 1998an, ordea, bertako hemeretzi hektareako eremuaren kalifikazioa aldatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, Muriola eta San Telmo sektoreetan: lur urbanizagarri izendatu zituen, luxuzko 85 txalet eta babes ofizialeko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Txipio Bai talde ekologistak salaketa jarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian 2001ean, eta lurren kalifikazioa aldatzeko foru aginduak indargabetu zituen epaileak. Bizkaiko Aldundiak, Barrikako Udalak eta bi enpresa sustatzailek kasazio helegitea jarri zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, baina epaitegi hori bat etorri zen uztailean EAEkoak emandako ebazpenarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun