Olatuen energia ikertzeko zentroa Lemoizko zentral nuklearrera aldatzea eskatu dute ekologistek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 22a, 19:54
Olatuen energia ikertuko duen BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) plataforma, Lemoiz udalerrian bai, baina zentral nuklear izan behar zuenaren lurretan eraikitzea eskatu dute Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Bai taldeek. Proiektuaren egungo kokapena, bereziki itsasoan egongo den plataformaren zatiarena, "ez da egokiena", naturalisten ustez, "Armintzako portuko sartu-irteera maniobretan arriskua eragiten duelako". "Itsasoaren egoera ona izanda ere" horrela izango litzateke, ekologisten ustez, "ontziak sartu eta irteteko bidean" jarri nahi dutelako. Azpiegituraren kokalekua zentral nuklearreko malekoiaren aurrealdera aldatzea eskatu dute Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Baik, eta gutxienez, kostaldetik 1.500 metrora. Egungo egitasmoan, hurbileko puntua 750 metrora dago, aipatu taldeen hitzetan. Argazkian, Lemoizko zentral nuklearra.
Euren ustez, proiektua merkeago egingo luke kokapen berriak eta "lur berriak kolonizatzea, baserri lurrak berriro sailkatzea saihestuko luke" horrek. Halaber, ikerkuntza zentroa eta azpiestazioa hartuko dituzten eraikinak altxatzeko, "ez litzateke auzotarren lurrik desjabetu beharko", ekologisten arabera. Gogoratu dutenez, zentral nuklearraren esparruan egon badaude "BIMEPen pareko instalazioak"; Iberdrolaren azpiestazio elektrikoa kasu. Horretaz gain, tokian tokiko energia erakundea sortzea eskatu dute, Lemoizek ere Europatik datozen diru-laguntzei eta BIMEPek sortutako energiari onura atera diezaien.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun