Arantza Zulueta eta beste bederatzien atxiloketak salatuko dituzte gaur Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 16a, 15:32
Atzo, osteguna, elkarretaratzea egin zuten Lemoizko udaletxe aurrean, Arantza Zulueta eta gainontzeko bederatzi herritarren atxiloketak salatzeko. Gaur ere 20:00etan elkartuko dira, baina oraingo honetan Andraka auzoan, "Arantza eta beste guztiak kalera" lelopean. Bitartean, iganderako, Bilbon eta Donostian deitu dituzte manifestazioak atxilotuen senide eta lagunek. Lehenengoa 17.30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik. Zulueta bizilagun lemoiztarra da, Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzaleak jakinarazi duenez. "Herenegun Guardia Zibilak bere etxea miatu zuen. Hori dela eta, ezker abertzaleko zinegotzi bat miaketan egoten saiatu zen, baita Arantza hor zegoen ala ez jakiten ere. Azkenean ez zuen guardia zibilen baimena lortu miaketan egoteko, ezta Arantzaren presentzia baieztatzeko ere", azaldu dutenez. Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna, Saioa Agirre Sopelako Zipiriñe ikastetxeko andereño zornotzarra, Erramun Landa Arte Ederretako fakultateko Pintura Saileko irakaslea eta beste zazpi lagunak herenegun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Argazkian, atzo Leioako campusean egin zuten elkarretaratzea Erramun Landaren senideak bertan zirela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun