Armintzako itsasertza garbituko dute larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko uzt. 22a, 22:59
Mare Fondum urpeko jardueren kluba, ASUT Armintzako urpeko taldea eta Cabo Billano arraun taldea Surfrider Foundation Europe gobernuz kanpoko erakundeari batu zaizkio makro-hondakinen aurkako ekintza antolatzeko. Larunbat honetan, uztailak 24, urpeko garbiketa egingo dute goizeko 10etatik aurrera, Armintzako portuan. Zabor horiek giza jardueratik eratorritako eta itsas lasterrek itsasertzera eramaten dituzten hondakinak dira, azaldu dutenez. Nazio Batuen Erakundearen arabera, ozeano kilometro bakoitzeko 120.000 plastiko zati daude ur azalean eta ozeanoetako leku batzuetan, sei aldiz plastiko gehiago dago planktona baino. Argazkian, Armintzako portua / © Lemoiz.net.
"Hondartzak garbitzea beharrezkoa da, kutsadura horrek faunan eta floran daukan eragina murriztu ahal izateko. Baina udalentzat garestia izaten da eta bioaniztasunarentzat kaltegarria", azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. Mare Fondum eta ASUTeko urpekariek portua garbituko duten bitartean, Cabo Billanoko gazteek eta laguntzaile guztiek hondartzan dauden hondakinak bilduko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun