Herriraren aurkako "erasoa" salatu du Sopelako Udal Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 1a, 15:55
Bildu koalizio subiranistak osatzen duen Sopelako Udal Gobernuak bere "besarkadarik estuena eta elkartasun osoa" eman dizkie atzo atxilotutako 18 lagunei. Prentsa ohar batez zabaldu duenez, udal mandatarien ustez "erasoa" izan da "euskal presoen eskubideen alde jarduten duen" Herrira mugimenduaren aurka atzo egindako polizi operazioa. Sarekada hori, "presoen eskubideen errespetuaren aldeko euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera" gisa ulertzen dute, "euskal presoei dagozkien eskubideen aldarria kriminalizatu eta desagerrarazteko" xedea duena. Are gehiago, "Euskal Herria osoaren aurkako operazioa" delakoan, herri gisa ere erantzutera deitu du Sopelako Udal Gobernuak, "zabal bezain irmo". Azkenik, izango diren mobilizazioetan parte hartzeko zein leiho eta balkoietan "Euskal preso eta iheslariak etxera" lelodun txartel eta banderak jartzeko eskatu dute. Argazkian, atzo Itzubaltzeta / Romon Oskar Sanchez, beste atxilotuen eta Herriraren alde egindako manifestazio jendetsua.
Sopelako Udal Gobernuaren oharra

Sopelako Udal Gobernua Herriraren kontrako erasoaren aurrean

Atzo euskal presoen eskubideen alde jarduten duen Herrira mugimenduaren aurka burutu zen polizi operazioaren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:

- Lehenik eta behin, gure besarkadarik estuena eta elkartasun osoa atxiloturiko 18 lagunei.

- Presoen eskubideen errespetuaren aldeko euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera bat da polizi operazio hau. Euskal presoei dagozkien eskubideen aldarria kriminalizatu eta desagerrarazi nahi du Estatu espainiarrak.

- Presoen auzia erabiltzen du Estatu espainiarrak konponbide prozesua blokeatu eta zapuzteko. Bakearen aurka erabiltzen du Estatu espainiarrak euskal presoei ezartzen dien espetxe politika kriminala.

- Euskal Herria osoaren aurkako operazio bat da hau, konponbide eta bakearen aurkakoa . Beraz, polizi operazio honek herri bezalako erantzun zabal bezain irmo bat behar du.

- Horrela bada, bi dei nagusi luzatu nahi ditugu gaurkoan:

· Batetik, deituko diren mobilizazio eta ekimen guztietan masiboki parte hartzeko deia luzatzen dugu.

· Bestetik, presoen eskubideen aldeko aldarrikapena kaletik atera eta kriminalizatu nahi duten honetan, bete ditzagun Euskal Herriko kaleak, gure etxeetako balkoiak eta txoko guztiak "Euskal preso eta iheslariak etxera" lelodun txartel eta banderolekin.

- Tantaz-tanta, euskal presoen eskubideen aldeko itsasoa osatu dezagun!

Sopelako Udal Gobernu Taldea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun