Kalean dira Oskar Sanchez eta beste 13 atxilotu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 3a, 17:50
Oskar Sanchez 24 urteko itzubaltzetarra, dagoeneko kalean da, lagun eta senideekin. Berarekin batera, Roberto Noval eta Herriraren aurkako sarekadan atxilo hartutako beste 12 pertsona kalean utzi ditu Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Aretoko epaileak, 15:15ak aldera. Haietako lauri askatasun baldintzatua emateko 20.000 euroko fidantza bana ezarri die. Auzitegiko iturrien arabera, Jon Garai, Nagore Garcia, Manu Ugartemendia eta Jesus Mari Aldunberri lirateke horiek, nahiz eta abokatuek baieztatzerik izan ez duten. 14 lagunek hamabostero sinatu beharko dute, ezin izango dute Estatu espainoletik irten, pasaportea kendu egingo diete eta debekatu diete "ETAko presoak kontrolatzeko zein terrorismoa goratzeko jardueretan parte hartzea". Guztiak auziperatu ditu Velascok, erakunde armatuko kideak izan, finantziazio ilegala burutu eta terrorismoa goratu dutelakoan. Argazkian, Roberto Noval zigarro bat askatasunean gozatzen, atzean Oskar Sanchezek bere amarekin hitz egiten duen bitartean / © Bilboko Sortu.
Deklarazioak goizeko 9:30ean ziren hastekoak, baina Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak beranduago galdekatzen hasi da eta 18 atxilotuetatik 14 hartu ditu bazkaltzeko etenaldia egin arte. Atxilotuen senide, lagun eta auzokideekin batera, Amaiurreko diputatuak izan dira auzitegiaren aurrean, zain. Sanchez eta galdekatutako beste kide guztiek ukatu egin dituzte euren aurkako akusazioak. Itzubaltzetarra, Eneko Ibarguren, Imanol Karrera eta Ekain Zubizarretaren kasuetan Miguel Angel Carballo fiskalak berak aske uzteko eskatu du. Epaileak atxilotuetako hamar libre uztea erabaki du azkenean, eta beste lauri bermea jarri die. Ibon Meñika, Ane Zelaia, Gorka Gonzalez eta Jose Antonio Fernandez 17:00etatik aurrera eroango dituzte epailearen aurrera. Velascok talde armatuko kideak izatea, talde armatua finantzatzea eta terrorismoaren goratzea leporatu zien Herrirako kideei. Erakundearen jardueren etena berretsi du epaileak. Epaileak Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna erakunde ilegalizatuen jarraipentzat jo du Herrira mugimendua.

Auziaren sekretua atzo bertan behera utzi ostean, eta atxilotuak komunikazio egoeran egonda, abokatuak izan dira auziperatuekin galdeketetan. Atzo eta herenegun ere, Guardia Zibilaren Tres Cantos komisarian izan ziren. Orduan deklaratzeari uko egin ziotenHerrirako kide guztiek, trato "zuzena" jaso zutenek. Bitartean, Uribe Kostan eta Euskal Herrian jarraitzen dute atxilotuen, Herriraren eta euskal presoen aldeko mobilizazioek.

Aiert Larrarte abokatuak zabaldu zuenez, atxilotuak "ongi, atseden hartuta eta lasai" izan dira. Oskar Sanchez Setien 24 urteko abokatu itzubaltzetarra astelehenean goizeko 10:30ak aldera atxilotu zuten Hernanin, Herrirak bertan duen bulegoan, bilera batean. Gauera arte han izan zuten, guardia zibilek lokala miatzen zuten bitartean. Egun horretako iluntzean, 620 lagunek eskatu zuten Sanchezen askatasuna Itzubaltzeta / Romon. Sopelan, Altzagan eta Astrabuduan ere mobilizazioak izan ziren, 70, 60 eta 25 pertsona batu zirela. Asteartean, berriro ere Itzubaltzeta / Romon, 400 lagun batu ziren eta atzo beste 300. gaur ere manifestazioa izango da 20:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazatik.

Mobilizazioak

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek Herrira herri-mugimenduaren aurkako operazio judizial, polizial eta mediatikoa arbuiatzeko eta, gaurdaino bezala, Herrirarekin izandako harremanei eutsiko dietela jakinarazteko agerraldia eman zuten atzo. Prentsaurrekoan mobilizazio bateratuak iragarri zituzten ostiral honetarako, urriak 4, eguerdiko 12etan lantoki eta herrietan. Horrenbestez, eskualdean, Erandio, Getxo zein Sopelako udaletxeen aurrean; eta Leioako Bulebarrean egingo dituzte ordu erdiko kontzentrazioak, Eskumaldeko LABek zehaztu duenez. Gainera arratsalderako zenbait mobilizazio izango dira eskualdean. Era berean larunbaterako deituta dagoen nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute: 17:30ean abiatuko da martxa, Bilboko Casillatik.

Deialdi batzuk

Osteguna, urriak 3

· Itzubaltzeta / Romo. Manifestazioa, 20:00etan, Kolas plazatik.

· Madril. Elkarretaratzea, 20:00etan, Puerta del Sol delakoan.

Ostirala, urriak 4

· Leioa. Elkarretaratzea, 12:00etan, Boulevard-ean.

· Neguri. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.

· Sopela. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.

· Erandio. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.

· Itzubaltzeta / Romo. Mobilizazioa, 20:00etan, Kolas plazan.

· Leioa. Manifestazioa, 20:00etan, Boulevard-etik.

· Algorta. manifestazioa, 20:00etan, Telletxetik.

Larunbata, urriak 5

· Itzubaltzeta / Romo. Jende katea, 13:00etan, Kolas plazatik.

· Bilbo. Nazio manifestazioa, 17:30ean, Casillatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun