Gaztetxeen Erresistentzia Eguna ospatuko dute gaur Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 23a, 02:25
Bilboko Zazpi Kaleetako 7Katu gaztetxea eta 2012ko abenduaren 27an okupatu zuten Plentzia eta Gorlizko Danontzat gazte zentroa huste arrisku bizian daude, bertako dinamizatzaileen arabera. Horren aurrean, biek ala biek indartsu daudela erakusteko Gaztetxeen Erresistentzia Eguna antolatu dute, gaurkoan, Plentziako Danontzat gaztetxean. Egun honen bidez, gaztetxeetan eta okupazio mugimenduaren inguruan lanean dabiltzan gazteak batu, elkar ezagutu eta esperientzia trukatu nahi dituzte. Egitaraua goizeko 11etan hasiko da, gaztetxe, gazte asanblada eta okupazio mugimenduaren topaketak direla medio. Arratsaldeko 3etan, herri bazkaria izango da. 19:00etan, ordea, gazteek eta enparauek Plentziako kaleak hartuko dituzte, metro geltokiaren beste aldetik irtengo den desalojoen aurkako martxan. Argazkian, prentsaurrekoa Danontzat gaztetxean, artxiboko irudian.
7Katu eta Danontzat gaztetxeen oharra

Gaztetxeen eta okupazio mugimenduaren egoera ez da inoiz erreza izan, eta oraingo honetan ere beste egoera zail batzuk ditugu aurrean. Tartean Bilboko Zazpi Kaleetako 7 Katu gaztetxea eta Plentzia eta Gorlizko Danontzat gaztetxea gara desalojoaren luparen azpian gaudenak.

Baina egoera honen aurrean, kikiltzeaz haratago, lanerako gogoz bete gara, eta aitzakia baliatuz elkarlanari ekin diogu. Honen emaitza da azaroaren 23an Plentzian antolatu dugun gaztetxeen erresistentziaren aldeko eguna.

Indarrak batzeko modu bezala planteatzen dugu egun hau, elkar ezagutzeko, bizipenak trukatzeko, eta animatzen garen gaztetzero guztiak egun baten elkarrekin emateko. Xumetasunetik, baina gu guztion borroketan aberasgarri izango den topaketa batzuk egiteko.

Horrela, egun honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, topaketa hauetan ahalik eta errealitate ezberdinenak ezagutu eta denetariko iritziak elkartrukatzeko.

Zuen zain! Egurre!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun