Sopelako Udalak ELAko bost langile zigortu dituela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 27a, 19:23
Sopelako Udalak jakinarazi zuen joan den asteartean behargin baten kontrako neurriak abiatu dituela, Saioa Villanueva alkatearen sinadura hainbat dokumentu ofizialetan faltsutu duelakoan. Zigortutakoa langileariaren ordezkaria zela ere zabaldu zuten udal iturri sopeloztarrek. Gaurkoan, berriz, bost udal langileri beste horrenbeste espediente zabaldu izana egotzi dio ELA sindikatuak Bildu koalizioak zuzentzen duen tokiko erakundeko agintariari. "Denak ELAko afiliatuak eta gehienak ELAko atal sindikaleko kideak", nabarmendu duenez. Langile erakundeak, baina, ez du ezertxo ere aipatu sinadura-faltsutze ustezko delituari buruz. ELAren arabera, Bizkaiko Azministrazioarekiko Auzietako Epaitegiak plazaratutako ebazpena litzateke "eraso" horien zergatia. Epaileek "baliogabetzat" jo zuten Sopelako Udaltzaingoaren operazio-azpiofizialaren izendapena, ELAri "arrazoia" emanez. "Sententzia hau errekurritzeko aukera izanda ere, Saioa Villanuevak gidatzen duen gobernu taldeak ez du batere begi onez ikusi. Epai hori jakin zenetik, bost espediente berri hasi edo berriz ere zabaldu ditu Udalak. Hilabete edo urte asko atzera eginez, kausa horiek 2013ko abendura ekartzen dituzte, ELAko afiliatuak diren langileen aurka egiteko", adierazi dute sindikatutik. Argazkian, udaletxea / © Sopelako Udala.
Are gehiago, "arduragabekeriaz jokatzea" leporatu dio ELAk Sopelako Udalari, "asmo onez eta herritarrei kalitatezko zerbitzu bat emateko helburuarekin lan egiten duten udal langileak zigortzen baititu". Beraien ustez, "Saioa Villanueva buru duen gobernu talde honek, dekretu bidez gobernatzen du, ELArekin eta Sopelako Udaleko ELAko ordezkari sindikalekin daukan obsesioak bultzatuta. Ez da Sopelako Udalean legitimitatea kendu nahi izan eta ELAren aurka egiten den lehen aldia. Izan ere, udaleko langileen lan baldintzak arautzeko hitzarmenaren negoziazioan, bide honetan lehen pausuak eman baitziren".

"Eraso onartezin hauen aurrean", zigortutako langileak juridikoki ere babestuko dituela esan du ELAk. Hala, Udal Gobernu Taldeari, Saioa Villanueva alkateari eta Bilduri "zigorren politika hau alde batera utzi, langileak errespetatu eta Sopelako herritarren alde gobernatzeko" exijitu diote.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun