Gorka Martinez preso urduliztarrari 46 urteko zigorra jarri diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 13a, 19:33
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren epaitegiak 46 urteko kartzela zigorra jarri dio Gorka Martinez Ahedo Urdulizko preso politikoari, "Deia" egunkariak zabaldu duenez. Baita 180.303 euroko kalte-ordainak ere. ETAren Bizkaia komandoko kide zela, Juan Maria Atutxaren aurkako bost atentatu saio egin eta Jose Carollo Rama Espainiako Armadako sarjentua hiltzen saiatu zela "frogatutzat" eman du urtarrilaren 23an epaitu zuen tribunalak. Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente, Herrizaingo sailburu eta buruzagi jeltzale izan da. Kazeta jeltzaleak dioenez, Martinezek ETAko kide izatea onartu zuen epaiketan. Ez du aipatzen, ordea, atentatu saiakeretan parte hartu izana ukatu zuela urduliztarrak. Fiskaltzak atentatu saiakerengatik jada zigortuta dauden Joseba Koldo Martin Carmona eta Lourdes Txurruka deklaratzera eraman zituen. Biek ala biek adierazi zuten Martinezek ez zuela afera horietan esku hartzerik izan. Argazkian, presoen aldeko mobilizazioa eskualdean.
Gorka Martinez Ahedo 1997ko abenduaren 10ean atxilotu zuten Orleans-en, Frantzian, Poliziak ETAren Bizkaia komandoa desegin ondoren ustez ihes eginda zegoela. Frantziak estraditatuta, 2004ko uztailean Espainiako Entzutegi Nazionalak 32 urteko espetxe zigorra jarri zion urduliztarrari, 1994ko apirilaren 28an, Trapagaranen, erakunde armatuak eginiko atentatu batean "laguntzaile lana" egin zuelakoan. Espainian barrena, sakabanatuta pasa ditu azken hamarkada, Puerto II, Zuera, Sevilla eta azken urteak izan den Pontevedrako A Lamako espetxearaino urrunduta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun