Udal hauteskundeak 2015

Mari Carmen Urbieta alkatea izango da Leioako EAJren hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko api. 12a, 15:13
Mari Carmen Urbieta Leioako egungo alkatea izango da bertako EAJren hautagaia datorren urteko udal hauteskundeetan. Alderdi jeltzaleak zabaldu duenez, Leioako EAJren Uri Batzarrak hori erabaki zuen atzo, "aho batez". Herriko batzokian egin zuten aurkezpen ekitaldia eta bertan, Leioako alderdikide eta alderdizaleez gain, Karmelo Sainz de la Maza alkate ohia eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea izan ziren. Aurkezpenean, alkatea hunkituta agertu eta bertaratuei eskaera egin zien "Leioa atsegin, hurbil eta ireki baten aldeko lanean jarrai" dezaten. Trukean, bere asmo ona agertu zien: "zuokin kontatu nahi dugu, denon artean, gure etorkizuna definitzeko". Urbietak "ilusioz" berritu nahi du du Alkatetzarekin daukan "konpromisoa". Bide horretan, EAJko alderdikide guztiei beren konfiantza eskertu zien. Bere mintzaldian "harro" agertu zen bere alderdiaz eta EAJren politiken "erdigunea pertsonak direla" azpimarratu zuen. Argazkian, Urbieta, ezkerrean, eta Atutxa atzoko ekitaldian / © Leioako EAJ.
Urbietak bezala, Itxaso Atutxa BBBko presidenteak ere gorazarre hitzak izan zituen Urbieta eta alderdiarentzat. Hasteko, "alderdikide batentzako ohorerik handiena bere herriko alkate izatea" dela gogoratu zuen. Halaber, EAJk hainbeste legegintzalditan izan duen handitasunari balioa emateko eskatu zien alderdikideei, 118 urte baitaramate "alderdiko gizon eta emakumeek benetako munizipalitatea eraikitzen”. Bestalde, alkategaiak aukeratzeko prozesuari dagokionez, Atutxak azpimarratu zuen EAJ barne partaidetzaren eta praktikaren eredu dela, "Leioako Uri Erakundeak erakutsi duen bezalaxe".

Baina udal hauteskundeak ez ezik BBBko presidenteak datozen Europako hauteskundeen garrantzia ere nabarmendu zuen. Bere ustez, "seguru asko", EAJ izango da "Europara Euskadi benetan defendatuko duen legebiltzarkidea eramateko aukera duen alderdi bakarra".

Profila

Mari Carmen Urbieta Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen EHUn, eta Larrialdiei Aurre egiteko Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzako burua izan zen 2005 eta 2009 bitartean, beste kargu batzuen artean. 2007tik, Leioako Udaleko zinegotzi izan da. 2013ko urtarrilean, berriz, Pinosolo proiektuagatik irregulartasun salaketak jaso ostean Eneko Arruebarrena aurreko alkatea Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzaile izendatu zutenean, Urbietak hartu zuen udal makila. 2015ean lehenengo aldiz jaso beharko ditu leioaztarren botoa Alkatetzan jesartzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun