Jon Bengoa Renteria hil da Caracasen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 6a, 19:33
Jon Bengoa Renteria, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohi getxoztarraren (PSE-EE) anaia, bat batean hil zen Caracasen pasa den asteazkenean, 53 urte zituela. Caracasko Eusko Etxetik elkarteko lehendakariak Euskalkultura.com atariari adierazi dionez, "dirudienez, burmuineko aneurisma batek jota" zendu da Jon Bengoa. Venezuelako euskal komunitateak gogoratu duenez, emaztea eta bi seme-alaba zituen. Besteak beste, Venezuelan nutrizio eta elikadura egokiak sustatzeko Bengoa fundazioaren kidea zen. Adierazitakoaren arabera, joan den larunbatean, Bengoa ondoezik sentitu zen eta larrialdietara joan eta erresonantzia magnetiko bat egin ondoren, "emaitzarik txarrenaren berri eman zioten, burmuineko aneurisma diagnostikatu baitzioten, konponbiderik gabe, eta geroztik 'guztia saiatu' bazuten ere, ebakuntza, zenbait botika, eta abar", asteazken iluntzean hil zen, "guztiok ezustean harrapatuta". Jon Bengoaren beila gaur ostirala izango da, arratsaldeko 5etik aurrera, bihar larunbateko goizeko 11ak arte, ordu horretan erraustuko baitute, Caracasko ekialdeko kanposantuan. Halere, Venezuelako hiriburuko dolua bikoitza izango da. Izan ere, Josu Calvo pasa den maiatzaren 31n hil zen eta Eusko Etxeak, bizi duen dolumin egoera dela eta, gaur ostiralerako iragarrita zeuden ekintzak eta karaokea bertan behera uztea erabaki du. Argazkian, Jon Bengoa zena / © Bengoa fundazioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun