Ekonomia 2014-09-25 13:49

Urdulizko ospitaleko lanak gelditu dituzte ehun langabetuk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri
Gaur goizean Urdulizko ospitaleko lanak gelditu dituzte 100 langabetuk baino gehiagok, Bizkaiko lan hitzarmena eta lan duina eskatuz. Izan ere, Viuda de Sainz SA enpresak dauka lan horien esleipena eta sozietateak eta langabetuen elkarteek berriki apurtu dituzte orain dela urte bat abiatutako negoziazioak. Mikel izeneko langabetu batek UKBERRI.NETi azaldu dionez, egun Urdulizko ospitaleaz gain, Deustuko Kanala, eta Arrigorriaga eta Bilboko beste obra publiko batzuk ustiatzen ari da Viuda de Sainz. Halere, Bizkaia osoan bi lanpostu besterik ez die eskaini langabetu elkarte ezberdinei, azken batzarra pasa den astean izan zutela. Lan eremuko hesian, behargabeak kexu agertu dira, Urdulizen eta Uribe Kostan 280 eta 2.700 direlako, hurrenez hurren, beste horrenbeste etxetara soldata eraman ezin dutenak. Bitartean, enpresek "esklabotza" sustatzen dutela salatu dute, lanetan dozenaka portugaldar ekarrita. "Baina ez gara kexatzen portugaldarrak izateagatik. Horiek ere lan egiteko eskubidea dute. Gure kexa da Portugalgo hitzarmenaren pean ekartzen dituztela. Bizkaian lan egiten duenak Bizkaiko lan hitzarmena izan behar du" azpimarratu dute. Urdulizko ospitalearen kasua aipatuz azaldu dute egoera: "74 milioi euro inbertituta, hiru lanpostu baino ez dira lortu herriarentzat. Behin behineko lana izan da eta portugaldarrak, pakistandarrak... izan dira lan baldintza penagarrietan". Dagoeneko metroa lurperatzeko lanei begira ari dira langabetuak. Gaur, Urduliz, Sopela, Algorta, Leioa, Erandio, Barakaldo eta beste hainbat lekutakoak agertu dira protestetan. Argazkian, langabetuak Urdulizko ospitaleko lanetarako sarbideren batean.
Viuda de Sainz enpresak kontratu publiko andana eskuratu du azken urteotan Bizkaian, tartean salaketaz betta egon den Leioako Pinosolokoa. Bere aldetik, Aralarrek enpresako zuzendaritzako kideen eta EAJren arteko influentzia-trafikoa salatu zuen.

Enpresan protesta eginda, udaletxera jo dute langabetuek, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta udalek, "erakunde publikoek, ardura handia dutelako afera guzti honetan". Izan ere, Javier Bilbao EAJko alkatea bilduta omen zegoen eta batzarra amaitzean hartuko zituela esan ei die. Plazan bilduta egon direnean, Ertzaintzak identifikatzeko agindu die. Une horretan, tentsioa igo da Urdulizen. 10 ertzainak langabetuak identifikatzearekin tematu dira eta Brigada Higikorra ekartzearekin mehatxu egin diete. Bitartean, asteartera arte atzeratu du langabetuekiko batzarra Urdulizko alkateak eta berarekin bilduko direnak identifikatu dira, azkenean, ertzainen aurrean.

Langabetuen protesta argazkitan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa