Ekonomia 2014-10-08 14:06

Bihar ere Urdulizen egingo dute manifestazioa langabetuek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri
Ostegun honetarako, urriak 9, berriro ere Urdulizen deitu dute manifestazioa Bizkaiko Langabetuen Kolektibo eta Asanbladen Koordinadorak. Hitzordua 10:30ean jarri dute, metro geltokian. Irailaren 25ean egin bezala, Viuda de Sainz SA enpresaren kontra egingo dute protesta, "udalerrian egiten ari den lanetan tokiko langabeturik ez hartzeagatik eta aparteko orduak sustatzeagatik". Viuda de Sainz enpresak dauka Urdulizko ospitaleko lanen esleipena eta sozietateak eta langabetuen elkarteek berriki apurtu dituzte orain dela urte bat abiatutako negoziazioak. Orain bi ostegun egindako protestaldian salatu zutenez, Urdulizen eta Uribe Kostan 280 eta 2.700 dira, hurrenez hurren, beste horrenbeste etxetara soldata eraman ezin dutenak. Hori dela eta, Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren "pasibotasuna" kritikatu dute langabetuen asanbladek, "aipatu enpresari horrela jotzen uzten diotelako". Argazkian, langabetuak Urdulizko ospitaleko lanetarako sarbideren batean, aurreko protestan.
Viuda de Sainz enpresak kontratu publiko andana eskuratu du azken urteotan Bizkaian, tartean salaketaz beteta egon den Leioako Pinosolokoa. Bere aldetik, Aralarrek enpresako zuzendaritzako kideen eta EAJren arteko influentzia-trafikoa salatu zuen. Egun Urdulizko ospitaleaz gain, Deustuko Kanala, eta Arrigorriaga eta Bilboko beste obra publiko batzuk ustiatzen ari da Viuda de Sainz. Halere, Bizkaia osoan bi lanpostu besterik ez die eskaini langabetu elkarte ezberdinei, azken batzarra orain aste gutxi izan zutela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa