Emakumeak laneratzeko laguntzak Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 16a, 21:20
Emakumeak laneratzeko baldintzen profila hobetzeko, Urdulizko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Uribe Kostako Mankomunitateko Berdintasun Sailak eta Uribe Kostako Behargintzak “Berriro bueltan” izeneko programa garatzeko akordioa onartu dute. Egitasmoaren hartzaileak 35 urtetik gorako emakumeak izango dira, eta Urdulizen erroldatuta egoteaz gain, urtebete baino gehiago eraman beharko dute lan merkatutik kanpo. Proiektuak bi alde izango ditu. Batetik, norberaren kontura laneratzeko laguntza: kolektiboko emakume ekintzaileentzako laguntza ildo bat zabaldu da. Gehienez 3.000 euro jaso ahal izango dituzte ekintzaileek. Bestalde, inoren kontura laneratzeko laguntza emango dute: enpresei, kolektiboko emakumeak kontrata ditzaten, programako pizgarri ekonomiko espezifikoak eskainiko zaizkie, eta dagoeneko badiren beste laguntzen berri emango zaie. Kontratatzeko laguntza ekonomikoa 1.500 eurorainokoa izango da kontratu bakoitzeko. Argibide gehiago nahi izatekotan, jarri harremanetan Uribe Kostako Behargintzarekin (www.urkobe.net). Argazkian, Urdulizko udaletxea.
Norberaren kontura laneratzeko laguntzen barruan, enpresa sortzeko, tutoretza eta prestakuntza eskainiko zaizkie ekintzaileei. Prozesua amaituta, proiektuari lotutako laguntza espezifikoa eskainiko zaie, eta dagoeneko badiren beste laguntzen berri emango zaie. Bigarren ildoari dagokionez, kontuan hartuko da kontratuek zenbat irauten duten, bai eta kontratu horietako bakoitzaren modalitatea ere. Bestalde, prestatzaile baten laguntza eskainiko zaie kontratistei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun