Kirolak 2014-10-25 16:14

Ibilaldi neurtua izango da bihar Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri
Urtero legez, udazkenarekin batera, Ibilaldi Neurtua antolatu du Berangoko Sei Herri kultur elkarteak. Bihar, igandea, 32. edizioa biziko du Uribe Kosta zeharkatzen duen martxak. Goizean goiz hasiko dira izen-emateak Sei Herri tabernan. Nagusien kasuan 08:15ean izango da, eta txikiek, ostera, 09:00etan egin beharko dute. Gogoratu dutenez, izen-ematea bikoteka egin behar da. Nagusien irteera 09:00etan izango da, eta txikiena, berriz, 09:30ean. Halere, komeni da gogoratzea ordu aldaketa izango dela bihar goizaldean. Nagusien ibilbideak 16 kilometroko luzera du, eta txikienak, 8 kilometro. Tartean hiru kontrol pasa beharko dituzte partehartzaileek, eta hamaiketakoa debalde jan ahal izango dute (freskagarriak, fruta, eta abar). "Bidean, Berangoko paraje ederrak ikusi ahal izango dituzte parte-hartzaileek, baita azken urteetan gure herrian egindako txikizio eta barrabaskeria urbanistikoak ere. Grisak lekua irabazi dio berdeari Berangon azken urteotan, goazen urriaren 26an kolorez betetzera!", adierazi dute Sei Herritik. Argazkian, Berangoko frontoian egin ohi dute ibilaldiaren osteko herri bazkaria.
Herriko mugetatik ttipi-ttapa mendi-buelta lasaia egin ostean, 12:30ean, triki-poteoa egingo dute tabernetatik, indarrak ostabere hartzeko eta herria girotzeko. Umeek, gainera, birziklatze tailerrak izango dituzte eskura. Gainera, aurten lehenengo aldiz, azoka ekologikoa egongo da Sabino Arana kalean.

Eguerdian, dantzan ari diren tripazorriei aurre egiteko, herri-bazkariaren txanda helduko da frontoian. Ohi den legez, Berangoko sukaldariek prestatutako indaba goxo-goxoak izango dituzte, entsalada, postre eta abarrekaz. 14:00etan umeentzako bazkaria izango da, eta bapo bazkaldu ostean, Berangoeta kultur etxera joango dira pelikula bat ikustera. Nagusien bazkaria 15:00etan izango da. Txartelak zazpi euroko prezioa izango du nagusientzat, eta debalde txikientzat. Eta egunari txapela jartzeko, 17:30ean sari banaketa egingo dute.

XXII. Ibilaldi Neurtua

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa