Imanol Beristainekiko elkartasun gaua egingo dute gaur Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 21a, 21:37
Imanol Beristain eta Espainiako Auzitegi Nazionalean hilabete hauetan epaitzen ari diren beste 27 gazte independentistekiko elkartasun gaua hartuko du gaur Plentziako Danontzat gaztetxeak. Plentzia eta Gorlizko sostengu taldeak antolatuta, 21:00etan argazki erakusketa izango da gaztetxean bertan, bi ordu beranduago hiru taldek kontzertua eskainiko dutela. Andergraund bandak rock&roll doinuak eskainiko ditu eta Metalfetamina eta Su Ta Ke, berriz, hurrenez hurren Metallica eta Su Ta Garren kantak aireratuko dituzte. Antolatzaileek ez dute zalantza izpirik ekimena bultzatu behar zutenik, "40ak libre lortu genuelako 28ak ere libre izateko!". Bitartean, epaiketa abenduaren 18ra arte da luzatzekoa eta gazte bakoitzari 4.000 euro baino gehiagoko kostea eragingo die. Hori dela eta, Itzubaltzetako Libre ekimenak Beristain lagundu nahi dutenek erabil dezaketen kontua zabaldu du Laboral Kutxan: 3035 0243 07 2431030353. Argazkian, Beristainen alde egindako mobilizazioetako bat.
Beristainen atxiloketa

Imanol Beristain Gutierrez itzubaltzetarra 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Fernando Grande Marlaska epaileak Segiko Ipar Uribeko arduraduna izatea leporatu ziola. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Besteak beste, poltsa, kolpeak eta mehatxuen berri eman zuen. Harrez gero, prebentibo egoeran izan zuten Alcala espetxean, Getxotik 413 kilometrotara.

Kartzelan egon zen bitartean, alaba izan zuen Imanolek, kalera atera arte aurrez aurreko bisitetan baino ez zuena ikusi. Beristainen egoera salatzeko makina bat mobilizazio egin zuten bere herrikideek zein Algortako San Nikolas ikastolako lankideek, tartean Itzubaltzeta / Romoko hiru auzokidek 5.000 eurotako isuna ordaindu behar izan zuten, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak haien aurkako zenbait salaketa jarri ondoren.

"28ak ere libre!"

Auziperatutako neska-mutil guztiei Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izan izana leporatzen diete, Fiskaltzak seina urteko espetxe zigorra eskatu duela. Izan ere, delitu bera egotzi zieten urria eta urtarrila bitartean epaitutako Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarrari eta beste 39 laguni. Horiei pasa den ekainaren 11n absoluzioa eman zien Espainiako Auzitegi Nazionalean eta, egun batzuk beranduago jakin zenez, Fiskaltzak zein akusazio partikularrek uko egin zioten epaia errekurritzeari.

Ekimeneko kartela

IMG-20141114-WA0002
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun