Kirolak 2014-12-04 11:23

Lau egunez egongo dira zaldi-probak Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri
Aurten ere Urdulizko Iparralde kiroldegiko probalekua elkargune bilakatuko da herri kirolen ehunka zalerentzat. Izan ere, abenduaren 5etik (ostiraletik) 9ra (asteartera) bitartean, Urdulizko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako zaldi-probak izango dira herrian. Hilaren 6an (larunbatean) ez da lehiaketarik izango, "jaieguna delako", tokiko iturriek zehaztu dutenez. Hortaz, lau egunetan izango dira probak, hain zuzen ere, 5ean, 7an, 8an eta 9an, hau da, ostiralean, igandean, astelehenean eta asteartean. Probak 21:00etan hasiko dira egunero. Lehiaketa hau urtero egiten da Gabonak iritsi aurretik, eta lehen mailako dozena bat parte-hartzaile izaten da. Haietako batzuk Bizkaiko zaldirik onenen artean daude sailkatuta, adituen arabera. Parte-hartzaileak lehian arituko dira eskudirutan guztira 4.500 euroko zenbatekora iristen diren sariak irabazteko. Irabazleak 750 euro, manta eta garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak 650 euro eta garaikurra lortuko ditu. Hirugarrenak, azkenik, 550 euro eta garaikurra irabaziko ditu. Gainerako parte-hartzaileek ere, hamargarrenera iritsi arte, sari ekonomikoa eskuratuko dute (baina garaikurrik ez); sarien zenbatekoak behera egingo du, sailkapenean lortzen duten tokiaren arabera. Hamargarrenetik aurrera, lehen sailkatutakoak egin duen markaren %70 lortzen dutenek baino ez dute saria (270 euro) izango. Argazkia: © Urdulizko Udala.
Parte-hartzaile guztiak lehian arituko dira, 900 kiloko ohiko harriarekin. Ahalik eta urrutienera eraman beharko dute arrastaka. Mota honetako zaldi-probetan, distantzia iltzetan neurtzen da (probalekuaren neurrien arabera, iltze bat 22 edo 28 metro artekoa izan daiteke).

Probako sari bereziez gain, parte-hartzaileek puntuak eskuratuko dituzte Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetarako.

Egutegia

Ostirala, abenduaren 5a. 21:00etan.
Mikel Garaialde (Urnieta), Unai Aresti (Laukiz) eta Fontanería Zalbide (Urduliz).

Igandea, abenduaren 7a. 21:00etan.
Imanol Etxeberria (Orio), Egoitz Zubiaga (Berango) eta Taberna Goieta (Mungia).

Astelehena, abenduaren 8a. 21:00etan.
Maider Uriarte (Aulesti), Erauzkin (Mañu) eta Jatetxea Nabarniz (Nabarniz).

Asteartea, abenduaren 9a. 21:00etan.
Joseba Azkonobieta (Urnieta), Juan Martiartu (Aulesti) Arriola Jatetxea (Berritxu) eta Etxeberri (Itziar).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa