Udal hauteskundeak 2015

Juan Carlos Martinez izango da Leioako sozialisten alkategaia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 17a, 02:04
Juan Carlos Martinez Llamazares 44 urteko zinegotzia, abokatua eta tokiko sozialisten zuzendaritzako kidea hautagai aurkeztuko du Leioako PSE-EEk, 2015eko maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako. Alderdiak bart aurkeztu du alkategaia herriko etxean eta bertan Martinezek berak alderdikideei azaldu dienez, hautagaitza "nire bizitzaren erronka nagusitzat" jo duela, "proiektuak ilusioa sortzen" dio. Gainera, azpimarratu duenez, Udal Gobernurako "itzelezko giza taldea" izango du, "partaide izan daitekeen alderdi politikorik onenarekin konprometitua". Bizkaiko PSE-EEren aburuz, Martinez "oso lotuta dago elkartasun proiektuekin eta justizia sozialarekin". Berak azaldu duenez, Caritasekin kolaboratu du Norabide ekimenean, gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan daudenak heziketan eta enpleguan laguntzeko. 1996tik da PSE-EEko kidea eta 2008tik zinegotzia Leioan. Argazkian, Juan Carlos Martinez gaurko hizketaldian / © Bizkaiko PSE-EE.
Juan Carlos Martinezek azken urteotako udal kudeaketa gaitzetsi du eta Mari Carmen Urbieta alkateari eta EAJri leporatu die aurkeztutako programa bete ez izatea eta legealdia "isurbidetik" botatzea. Leioak, berriz, "hobetzeko ahalmen handia" duelakoan dago eta horretan egingo du lan, "auzokideak, lehenengo aldiz, leioaztar sentitu eta bere herriaz harro ager daitezen".

Pinosolo argitu eta Avanzada estali

Ezinbestean, Pinosoloko kudeaketa izan du hizpide Martinezek, udal ikerketa batzordea presiditu duena. Aldarrikatu du sozialistek ahalbidetu zutela ponentzia hura: "foro guztiotan Pinosolo proiektuaren zoritxarreko kudeaketa negargarri eta eskasaren aurka kritikaren eta zentsura politikoaren aldarria bizirik mantenduko dugu", agindu du. Era berean, salatu du "urteak direla" Avanzadako errepidea estaltzeko azterketa "tiradera batean sartuta" dagoela, leioaztarrek dituzten garraio arazoen aurrean Udal Gobernua "mutu" dagoen bitartean. Martinezen proposamenak, berriz, honakoak izan dira: "udalerrirako kiroldegi bat nahi dugu, ahal den adostasun handienaz, eta ordain ahal izango duguna; eta Avanzada diseinatuta dagoen moduan desagertu beharko da, bi aldeak antolatu eta hiritarrentzako Boulevard-a ahalbidetzeko".

Avanzadakoa ez da garraio arazoei dedikatu dien puntu bakarra. Martinezek "kalitatezko garraio publikoa" aldarrikatu du eta eskatzen duten auzo guztietara ailegatzean jarri du lehentasuna, "errentagarritasunarekin obsesionatu gabe". Lamiako eta Txorierri arteko igogailua aldarrikatu du eta azken 20 urteotan atzera eta aurrera zehaztu gabe ibili den EHU eta metro geltokia tranbiaz lotzeko proiektuaz mintzo da ondoren, horren aldeko jarrera agertuz. Horren bidez, ikasleak eta irakasleak joan-etortzeaz gain, herrigunean astean zehar gelditzeko, ikasteko, erosketak egiteko eta auzokideekin harremanetan aritzeko erabilgarri izan beharko lukete. Horrekin batera, unibertsitate-hiria eraiki eta EHUko ikasleentzako alokairu sozialagatik apustu egitea defendatu du.

Ikasleak, dendariak, auzoak eta behartsuak

Izan ere, Leioan EHUko campusa izateak ematen dituen aukerak azpimarratu du. Bere ustean egungo udal arduradunek ez dute horiek erabiltzen jakin ala ez dute nahi izan. Ordea, PSE-EEk Leioa ikasleentzako udalerri erakargarri izan dadin aurkeztutako proposamenak gogora ekarri ditu: "ez dugu campusetik dabiltzan milaka gazteak galdu nahi" eta ildo horretan aldeko politikak bultzatzen jarraituko dutela iragarri du.

Beste aldetik, merkataritzaren garrantzia aldarrikatu du, dendak "ahaztuta" daudela gaitzetsiz. Horren ordez, hiritarrek auzoko dendetan kontsumituko duten Leioa baten alde egin du. Auzoekin ere hitz gozoak izan ditu Martinezek, PSE-EEk haiekin duen konpromisoa aireratuz: "horrela frogatu dugu udal politikari kolorea emanez, azken urteotan hiru milioi euro baino gehiagoko aurrekontu emendakinak aurkeztuz". Ildo sozialarekin jarraituz, zerga gehikortasunaren, behartsuenentzako laguntza publikoen eta "benetako eta kalitatezko" enplegu publikoaren alde agertu da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun