Hilaren 29an argitaratuko du azken albistea UKBERRI.NETek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 23a, 21:02
Abenduaren 22ko datarekin egunotan zabaldutako 263. alean egin du publiko desagertzera doala "UK" aldizkariak. UKBERRI.NET ere bere azkenak ematen dabil, zuk lerrook irakurtzearekin batera. Hilaren 29an argitaratuko du azken albistea Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak. Baina, ez izutu! Eskualdeko komunikabide euskaldunok ez dugu esango agur betiko. Euskalgintzako eragileekin eta Justuri irrati-egitasmoarekin batera sortu dugu HIRUKA, Uribe Kostako komunikazio-talde euskaldun berria. Hiru euskarri izango ditu: atari digitala, paperezko astekaria eta irratia. Azken hori hilabete batzuk barru abiatuko da, baina agerkaria eta astekaria, urtarrilean bertan egongo dira sarean eta kalean. Hiru komunikazio-euskarrien bitartez, elkarteen eta norbanakoen parte-hartzea bultzatu nahi du HIRUKAk. Esaterako, sare-agerkarian, "Komunitatea" izeneko atalean, edonork aukera izango du ekimenak eta iritziak plazaratzeko. Astekariak eta irratiak ere horretarako aukera emango dute. Esan bezala, paperezkoa asterokoa izango da, koloretan eta tabloide formatuan. Argazkian, 2011ko abenduaren 1ean Justuri irrati egitasmo berria aurkeztu zuen Uribe Kostako euskalgintzak, bidean hainbat harri topatu dituena.
Badira ia 20 urte Getxo udalerrian "Bizarra Lepoan" euskarazko aldizkaria sortu zenetik; 1999an "UK" bihurtu zena, eskualde osora zabalduz. UKBERRI.NET agerkari digitala, berriz, 2003an sortu zen, eta 11 urteotan 20.000 istorio baino gehiago argitaratu ditu. Hainbat urtez, gainera, Koska irratian euskara entzun genuen uhinetan; orain urte batzuk amaitu zuen bere bidea, Justuri irratiaren egitasmoari leku eginez. Frekuentzien afera dela-eta, Justurik oraindino ez du hasi ibilaldia, baina proiektu barri bat sortzeko lanean dabil UKBERRI.NET eta "UK" aldizkaria komunikabideekin batera, baita eskualdeko euskalgintzako eragileekin batera ere.

Parte-hartzea oinarri

Uribekostarrei zuzendutako euskarazko komunikazio-tresna integral, sendo, indartsu, multimedia eta kalitatezkoa eskainiko duen proiektu berria da HIRUKA: erakargarria, berria forman eta mamian, eraginkorra eta herri, norbanako, elkarte, administrazio eta eragile sozio-ekonomikoak proiektu komunikatiboaren eta euskararen inguruan batu gura dituena. Gertutasuna eta gizarteratzea oinarri, herritar, elkarte, erakunde zein merkatarien komunikazio-beharrak asetzeko tresnak eskainiko ditu: tokikoa eta hurbila izango da, Uribe Kostako herri bakoitzetik egina eta herri bakoitzera bideratua.

Horrekin batera, HIRUKAk komunikazio-baliabide erakargarriak eskainiko dizkie Uribe Kostako euskaldunei eta euskaltzaleei. Gainera, ia-euskaldunen euskalduntze-prozesuan eta gazteen euskararen erabileran eragiteko ezinbesteko tresna izan nahi du. Guztion konpromisoarekin, gure eskualdea euskaldunago, sozio-kulturalki biziago eta aktiboago bihurtzeko bultzada eman nahi du HIRUKAk.

Kooperatiba zabala

HIRUKAk irabazi asmorik gabeko kooperatiba izaera edukiko du eta zuk zeuk ere parte hartu ahalko duzu kooperatiba-kide eginez, modu bitan: Bazkide Erabiltzaile edo Bazkide Laguntzaile izan zaitezke. Erabiltzaileen kasuan, pertsona juridikoek 1.000 euroko inbertsioa egingo dute, eta norbanakoek 100 eurokoa. Laguntzaileen kasuan, berriz, pertsona juridikoek 200 eurokoa eta norbanakoek 50 eurokoa; gainera, 33 euroko kuota ordaindu beharko dute urtero.

Bazkide izanda, kooperatibaren organo nagusietan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena, eta horietarako hautatua izateko eta hautatzeko eskubidea izateaz gainera, aukera izango duzu ordainpeko produktuen beherapenez eta HIRUKAren eskaintzez baliatzeko doan edo prezio murritzagoan (liburuak, diskoak, sarrerak, eta abar). Bajan emanez gero, dirua berreskuratzeko eskubidea ere izango duzu.

Bazkide erabiltzaileek, erabakitze ahalmen handiagoa izango dute kooperatibaren norabideak eta erabakiak hartzeko unean, baita proiektuarekiko lotura eta konpromiso-maila handiagoa ere. Azkenik esan, kooperatibako bazkide izan barik, laguntzaile soila, hirukalaguna izateko aukera ere badaukatela norbanako, elkarte, dendari, merkatari, eskola eta abarrek; urteko kuota 35 eurokoa izango da.

HIRUKAren hurrengo aurkezpenak

Lemoiz, Barrika, Urduliz, Berango, Gorliz, Itzubaltzeta, Sopela eta Plentziatik igaro ostean, Gabonetako oporrak igarota, urtarrilean, jarraituko dute HIRUKA aurkezteko batzar irekiek.

Leioa
Urtarrilak 8, osteguna
19:30ean, udal euskaltegian

Astrabudua
Urtarrilak 8, osteguna
19:30ean, Josu Murueta kultur etxean

Algorta
Urtarrilak 15, osteguna
19:30ean, Villamonte kultur etxean

Altzaga
Urtarrilak 16, ostirala
19:30ean, posta zaharrean

Informazio gehiago: info[abildua]hiruka.info

Hirukaren bazkidetza orria (pdf)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun