Gizonezko bat larri zauritu da Berango parean izandako auto-istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 29a, 20:55

Gaur goizean 34 urteko gizonezko bat larri zauritu da Getxon izandako auto-istripuan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez, 07:00etan gertatu da ez beharra BI-637 errepideko Berangoko irteeran, Sopelarako noranzkoan. Citroen ZX autoa errepidetik atera da eta hormigoizko heziaren kontra jo du. Ondorioz, suhiltzaile eta sanitarioek erreskatatu behar izan dute gidaria eta, ondoren, anbulantzian eraman dute Gurutzetako ospitalera. Gainera, bideko errailetako bat moztu behar izan dute ertzainek eta trafikoa bideratu 09:15ak arte. Bestalde, herenegun, larunbatean, bi neskak zauri arinak pairatu zituzten errepide berean, Erandioko udalerrian, izandako beste istripu batean. Argazkian, pare bat ertzain trafiko kontrola ezartzen artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.

Istripua Erandion

Larunbateko ezbeharra goizeko 7:15ak aldera jaso zen, Getxorako noranzkoan, oraindik ikertzen dituzten arrazoiengatik. Bertan, lau autoren arteko talka eman zen. Citroën Saxo modeloko autoan zihoazen 16 eta 17 urteko bi neska Gurutzetako ospitalera eraman zituzten arreta medikoa jasotzeko. Halere, zauri arinak besterik ez zutela zabaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Bestalde, istripuaren eraginez BI-637 errepideko hiru errailak moztu behar izan zituzten, trafikoa Avanzadako alboko bidetik desbideratuz. Goizeko bederatzitarako, berriz, autoak batu eta errepidea normaltasunera bueltatu zen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun