Valentina Tereshkova

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo San Andres 2016ko abe. 3a, 12:10

Hainbat eremutan legez, zientzian ere emakumeak sarritan baztertuak izan dira historian zehar.

Zoritxarrez horren adibideak topatzea lan erreza da. 50 hamarkadan Francis Crick eta James Watson ADN molekularen egituraren bila zebiltzan, nahiko noraezean ordea. Aldi berean Rosalind Franklin fisikari gazteari X izpien difrakzioa erabiltzea bururatu zitzaion. Crickek eta Watsonek bere ideia lapurtu eta 1953. urtean Nature aldizkarian ADN molekularen helize bikoitz ospetsua argitaratu zuten. 1962. urtean Fisiologiako Nobel saria irabazi zuten, eta euren diskurtsoan Rosalind Franklin aipatu ere ez zuten egin.

Gaurko zutabe hau Valentina Tereshkovaren omenez da. Espaziora bidaiatu zuen lehendabiziko gizakia Yuri Gagarin sobietarra izan zen 1961. urtean. Eta soilik bi urte geroago Valentina Tereshkova gauza bere egin zuen lehen emakumea bilakatu zen. Tereshkova Maslennikovo herrixkan jaio zen 1937. urtean Bielorrusiako etorkinen familia batean. Eskola amaitu ondoren Ingeniaritza ikasten hasi zen, eta, ezustean, SESBko espazio agentziak misio batean parte hartzeko hautatu zuen. Entrenamendu sakon baten ostean, 1963. urteko ekainaren 16an Valentinak arnas sakona hartu zuen, arropa espaziala jantzi, Vostok 6 espazio-ontzian sartu eta... Lurraren inguruan 48 orbita bete zituen hiru egunetan ehunka argazki egin zituelarik.

Tereshkovak ohore ugari jaso zituen, eta ez bakarrik Sobietar Batasunean. Gaur egun legebiltzarkidea da Duma parlamentuan, eta behin, Putin presidenteari bere ametsa Martera joatea dela aitortu zion, bueltarik gabeko bidaia bada ere. Dudarik gabe, emakume ausarta Валенти́на Терешко́ва.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun