Garbitzaileen greba Getxon

Kiratsa hedatu baino lehen

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2015ko mar. 12a, 20:57

Garbitzaileen grebaren harira Getxoko Udalak herriko atari guztietan jarritako agiriak xede argia du: grebaren isla publikoa lausotzea eta, grebalariek salatu dutenez, “gatazka ezkutatzea”. Oroz gain kaleetan normaltasun itxura gorde nahi du Udalak; grebalariek, aldiz, itxura hori zapuztu beste biderik ez dute bere sakrifizioak –greba ez baita txantxa– eragina izan dezan. Izan ere, gatazkak kalean lortzen duen proiekzioak baino ez du estutuko patronala.

 

Zein da, baina, patronala gatazka honetan? Formalki, CESPA eta ASASER enpresen elkartearekin negoziatu behar dute langileek. Benetako arduraduna, ordea, batzuei eta besteei “negoziatzeko esfortzua” eskatuz,  inpartzialtasun plantak egiten dituen Getxoko Udala da.

Neoliberalismoaren ikur den zerbitzu publikoen pribatizazioak langileen gaineko ardura gogaikarritik libratzen ditu agintariak eta diru publikoaren kanila irekitzen die zerbitzu-enpresei; ordainean, lan kondizioak eta, askotan, baita  zerbitzuen  kalitatea ere andeatzen dira. Kukuak oker jotzen die, ordea, agintariei, zerbitzuetako langileen aldarrikapenak haiek hainbeste maite duten normaltasun itxura zapuztera iristen direnean  –Getxon gertatzen hasi den bezala–, orduan hiritarrek ez baitizkiete kontuak enpresei eskatuko, garbiketa zerbitzu egokia bermatzeko ardura duten udal-agintariei baizik.

Getxoko gatazkaren barrenak ezagutu gabe ere, iruditzen zait soluzioa ez dela etorriko gutxieneko zerbitzuen eta grebalarien gaineko kontrol polizialaren gehitzetik, ezta,  Udalak eskatu bezala, zaborra etxean gordetzetik ere. Soluzioa, edo, behintzat, soluzioaren zati handi bat, Udalaren esku dagoelakoan nago; eta udal-arduradunek gatazkari irtenbide azkar eta txukuna ematen asmatzen edo asmatzen ez duten heinean jasoko dituztelakoan herritarren txaloak ala txistuak.

Ea  anabasa eta kiratsa herri osora hedatu baino lehen asmatzeko gauza diren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun