Zorion poxi bat

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2015ko eka. 14a, 21:29

Oraintsuko "Hizkuntza sasi-ofiziala" artikuluan salatu nuen euskal erakundeetako arduradun askok gure hizkuntzarekiko erakusten duten ezaxola lasaiaren atzean euskaraz ari den jendartearen sektoreari bizkarra emanda bizitzeko hautua dagoela.

Ezaxola lasai horren adibide ditugu Hegoaldeko hiriburuetan –Donostia salbu– izan ditugun alkateak: euskaraz egun ona ematen ere ez zekiten gizasemeak, euskararekikoak agiri ofizialak itzultzaileen esku utzita konplitzen zituztenak.

Zeharo pozgarria da, horregatik, azken udal hauteskundeen ondoren izendatuak izan diren Iruña, Donostia, Gasteiz zein Bilboko alkateak euskal hiztunak direla jakitea. Aginte makila hartu ondoren, alkateok herritarrei naturaltasun osoz euskaraz zuzendu izana aintzat hartzeko moduko urrats sinbolikoa delakoan nago euskararen ofizialtasun praktikoaren, hau da, normalizazioaren bidean.

Urrats sinbolikoen ondoren, jakina, praktikoak etorri beharko dira, hiriburuetako udaletan bezala, gainontzeko instituzioetan, Iruñako alkateak esan duen moduan: euskararen normalizaziorantz jo behar da, euskara iruindarren hizkuntza propio gisa tratatuz, parekotasunarekin.

Egitekoa egindakoa baino askoz gehiago dela badakigu ere, zilegi bekigu, gaurkoan, zorion poxi hau.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun