Koldo Zuazok euskalkiak.eus webgunea aurkeztu zuen Azebarrin

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2016ko api. 21a, 12:55

Apirilaren 14an euskalkiak.eus webgunearen aurkezpen ekitaldia izan genuen Azebarri elkartean, Koldo Zuazo ikerlari eta irakaslearen eskutik. Bere lan-taldeko Teresa Portugal eta Oneka Alvarez ere hitzaldian izan ziren. Koadrila polita bildu ginen: hirurogei bat entzule.

60 hamarkadan euskarak bizi zuen egoera penagarritik abiatu zuen solasaldia Zuazok (gero eta hiztun gutxiago,  prestigiorik gabeko hizkuntza…) eta hari buelta eman ahal izateko askok eta askok egindako lana nabarmendu zuen. Euskara batuaren premia eta garrantzia ez ditu inondik ere gutxiesten Zuazok. Euskalki hutsekin euskarak ez zuen irabaziko lortu duen lekua. Pasadizo bat kontatu zuen: euskara ikasi edo nahi zuen emakume kataluniar batek aita Villasanteri gramatika bat eskatu zionean ohartu omen zen euskara batuaren sustatzaileetakoa izan zena ez zegoela euskararen gramatikarik, hainbat euskalkitakoak baziren arren.

Euskara batuaren hedapenak eta prestigioak (euskal hedabideetan, irakaskuntzan… batua erabiltzen da, gehienbat) euskalkian mintzatzen diren asko bere hizkera balio gutxikotzat hartzera eraman ditu: nik gaizki egiten dut euskaraz…  Gutxiespen horri aurka egiten dio Zuazok; izan ere, bere euskara txarra dela uste duenak, ez du erabiliko. euskalkiak.eus webgunearekin, konplexu horiek apurtu, eta, gertuko euskara horren balioa azpimarratuta,  estimuarekin batera erabilera sustatu nahi izan da: "euskara efektiboa euskara afektiboa da" (Fernando Muniozguren).

Euskalkia erreibindikatzen dugunean ez goaz batuaren kontra, dio Zuazok. Batua bera aberastu egiten da euskalkien ekarpenekin. Artifizialak iruditzen zaizkio i euskara batuan batzuetan erabiltzen diren berbak (ekidin, esleitu, ahalbidetu…): jende gehienak erabiltzen dituen berbei eman behar zaie lehentasuna, erabiltzen eta ulertzen dituen horiei. Euskalkien ekarpenek aberastu behar dute euskara batua.

Hizkuntzak oinetakoak bezalakoak dira, dio Zuazok: erosoak izan behar dute, erabiliko baditugu;  egoera bakoitzerako oinetako egokienak jazten ditugun bezala, hizkera ere egokitu dezakegu (euskalkia inguru batean, batua beste batean…); batua izango da, normalean, euskaldun berriaren euskalkia.

Mintzaldiaren azken zatian webgunea erakutsi zen, egitura, atalak… Webgunea bizirik dago, ekarpen berriekin eguneratzen doa. euskalkiak.eus  bisitatzeko gonbitarekin bukatu zuen solasaldia Koldo Zuazok.

Asko izan ziren ekitaldi ostean Zuazo irakaslea agurtu nahi izan zutenak eta entzundakoari buruzko iritzi eta ñabardurak erakutsi nahi izan zizkiotenak.

Bukatzeko, Koldo Zuazoren berbaldia bizkaieraz izan zen (mendebaldeko euskaran, zehaztuko luke hizlariak) eta zuzenena kronikatxo hau ere euskalkian egitea litzateke. Hala ere, Zuazoren irizpideari jarraituz, erosoen zaizkigun oinetakoak erabili ditugu.

Informazio zabalagoa: http://hiruka.eus/getxo/1460740787228

hitzaldiaren audioa: http://hiruka.eus/getxo/1460735804738

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun