Estatu Espainiarrean ez da torturatzen, baina torturatuak milaka gara

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Rodríguez Larrinaga 2016ko ots. 11a, 13:13

Aspaldian idatzi gabe nago eta idaztera animatu naizenean oraingo honetan nire hitzek zentzu handirik ez dutela izango pentsatu dut. Otsailaren 13an torturaren aurkako eguna izango da, justizia eta memoria aldarrikatzeko eguna. Zorionez ni ez naiz inoiz torturatua izan nire hitzek balio eskasa izan dezakete, baina Euskal Herrian milaka lagun izan dira torturatuak, horien hitzak dira irakurri eta entzun behar direnak.

ESTATU ESPAINIARREAN EZ DA TORTURATZEN, BAINA TORTURATUAK MILAKA GARA

Existitzen ez den errealitatea izateko lekuko larregi gara, biziraupen eta minez beteriko 10.000 istorio: Uribe Kostan 60.hamarkadatik gaur egun arte 200 pertsona baino gehiagok pairatu dugu tortura. Eskualde honetan 200 pertsona baino gehiagok ez-pertsona sentiarazterainoko tratua sufritu dugu.

Tortura autoinkulpazio bat lortzeko helburuarekin poliziek eragiten duten sufrimendua baino askoz gehiago da. Gutako bakoitzaren suntsiketa psikologiko eta morala lortzeko tresna izan da; sufritzen duenaren erabateko suntsidura, ni intimoenaren txikizioa eragiten du. Pertsonak, bizitzak, apurtuaz, beldurra nonahi zabaldu eta estatuak etsai gisa deklaratu dituen mugimenduen deuseztatzea eta desagertzea bilatu du.

Tratu txarrak ezorduetan hasi eta ezlekuetan luzatzen dira, baina ez dira bost egunetara mugatzen. Atxiloaldia bukatutakoan, inoreztua, ezereztua izan ondoren, norbere beldurren, lotsen, autoinkulpazioen, seguritate-ezaren eta zauri sendaezinen artean, torturatuak jakin badaki gertaturikoaren erantzuleek lasai lo egiten jarraituko dutela.

"Tortura gelan txikitu ondoren, ziegara eraman nindutenean, tarteka, umeak entzun nituen jolasean kalabozoko teilatu gainean, eta neure buruari galdetu nion: posible al da nire torturatzaileen seme-alabak jolasean, barrezka dauden bitartean, parean, euren aitak ni jipoitzen, mehatxatzen, poltsaz itotzen, bortxatzen, umiliatzen aritzea?" Sentimendu hau irudi batekin deskribatu beharko bagenu, Picassoren "Gernika" aukeratuko genuke... Basakeriaren erdian zerura altxatzen diren bi beso, inork entzungo ez duen garrasi mutu desesperatuan.

Eta sarraski kalkulatu honek arduradunak ditu. Gu txikitu nahian eskuak zikindu zituztenek polizi jantzia zeramaten (Guardia zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza), baina gure torturaren azken erantzuleek gorbata eta trajea daramate, eta lau urterik behin bozka bidez aukeratuak dira; estatuko gorte orokorretik hasi eta erkidegoetako parlamentu eta instituzioetaraino. Munduko torturatzaile onenen eskoletan ikasi duen Estatu Espainiarrak egitura osoa dauka prest zigorgabetasunean herritarrak apurtzen jarraitzeko hamarkadaz hamarkada, besteak beste: asmatutako gezurrak lau haizetara zabalduko dituzten komunikabideak, ondo entrenatutako hainbat talde polizial, legez babestu eta araututako erabateko inkomunikazio-aldia eta inoiz ezer ikertzen ez duen auzitegietako prozedura antzuak.

Lerro hauetatik ez dugu soilik tortura zigortua izan dadin eskatzen, berau ahalbideratzen duten lege eta egiturak desagerraraztea exijitzen dugu. Bide hau behingoz egiten hasteko ordua dela deritzogu. Bada garaia arduradun politikoek torturaren existentziaren aitortza eta onarpen argia egin dezaten. Bada garaia komisarietan gertatu denaren erantzukizuna asumitu dadin. Bada garaia torturatuok egitura politikoetatik zor zaigun errespetua jasotzen hasteko.

Eragindako sufrimendu guztia erreparatzeko bitartekoak ezarri behar dira, eta are garrantzitsuagoa dena, inoiz berriro gertatuko ez deneko neurri-hartze erreala ziurtatu behar da. Gehiegi sufritu duen herri zahar honek memoriaren mapa osoa behar du, orbaindutako zauriek ematen duten lasaitasun asebetearekin etorkizunari begiratu diezaiogun. Ez gaitzala behintzat memoriak ahaztu...

Musu itzel handi bat torturatuak izan zareten guztioi!

Otsailaren 12an denok Leioara, “Torturarik EZ!” ozen oihukatu dezagun!

Erika Bilbao, Guardia Zibilak 2010ean torturatua

Iñaki Gonzalez, Kitxu, Ertzaintzak 1994an torturatua

Xanti Labeaga, Polizia Nazionalak 1981ean torturatua

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun