Ekonomia 2016-02-04 16:00

Ahoztar Zelaieta: "Mario Fernandezek erantzun hotza eman zidan, besterik ez"

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Fernandez de Martikorena

Ahoztar Zelaieta Zamakona ikerkuntza-kazetariak "Kutxabank. El saqueo de Euskal Herria" bere hirugarren liburua aurkeztuko du Plentzian arrastian, Plentziako Danontzat gaztetxean. Ernai eta Kandelaria talde antolatzaileek 19:30ean ipini dute hitzordua. HIRUKAri elkarrizketa oparoa eman dio Zelaietak.

Ahoztar Zelaieta: "Mario Fernandezek erantzun hotza eman zidan, besterik ez"
Ahoztar Zelaieta Zamakona kazetari eta idazlea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zein da liburuaren tesi nagusia?

Kutxabanken etorkizunari buruzko te­si, augurio eta bide-orri ezberdinak bildu ditut: Espainiatik eta Europatik agindutakoak, EAJk Europa eta Estatu espainoleko agintariakaz adostutakoak; BBVAren interesakaz bat datorren bide-orria; aberatsek eta zerga-iruzurgileek ere eurena dute; eta ehun produktiboari lotutakoa. Ehun produktiboaren bilakaera beheranzkoa da, eta Kutxabankek beragaz duen harremana ere bai. Aditu, kritiko eta eragile sozial eta politikoen adierazpenak erabili ditut, baita Kutxabankek berak ere adierazitakoak... polifonikoa izaten ahalegindu naiz. Kutxabank handia eta oso konplexua da. Bere bizitza laburrean, gauza asko pasatu dira eta pedagogia egitea tokatu zait.

Aipatu dituzun sektoreetatik zein us­te duzu nagusituko dela?

Kutxabankek ehun produktiboari lotutako etorkizuna daukala esateagaz bat nator, nahiko. Ehun produktiboa beherantz doanez, nago Kutxabankek ere beherantz egingo duela. Ehun produktiboan funts putreak dabiltza infiltratzen; Kutxabanken, etorkizunean hori ikusten dut, Euskaltelen adibidea jarrita.

Kutxabankek 171 euskal enpresatan parte hartzen du, baina parte-hartze hori gero eta txikiagoa da, beherantz doa. Desinbertsioak egiten dabiltza orain arte euskal enpresa estrategiko deritzenetan (CAF Beasain, Iberdrola edo Euskaltel). Desinbertsioa da nagusi Kutxabanken, Euskal Herriko produkzio-ehunean legez, deslokalizazioaren eta enpresak atzerritarren esku uztearen bidez. Bien etorkizuna lotuta dago.

Euskaltelen modus operandi berbera gerta daiteke Kutxabanken: burtsara irten, eta 30 funts putre sartzea. Gainera, gaur egun ez dago kontrol sozialik ez kontrol politikorik Kutxabanken, 15 kideko patronatua kooptazio sisteman baizik: gura dutena egingo dute, gardentasun gutxigaz.

Era berean, uste dut badirela eragile ezkutu batzuk Kutxabanken, etorkizuna erabakitzen dabiltzanak, adibidez, PwC, Price Waterhouse Coopers. PwCk kapital-iheslariak ordezkatzen ditu, eta Kapital Aldakorreko Inbertsio Sozietateetan (Sicavetan) patrimonio handia duten abizenen interesak defendatzen ditu; berak ere etorkizuna markatuko du Kutxabanken.

Uribe Kosta sarri ageri da liburuan?

Bai. Kutxabanken hipertrofia inmobi­liarioa azaltzeko: desmitifikatzeko gure aurrezki kutxek ez zutela adreiluaren alde apusturik egin, edo Andorrako kontuakaz zer ikusirik ez zutela. Andorran ibili dira, pelotazo inmobiliarioetan, ustelkeria nagusi, Murtzian, Andaluzian eta Mediterraneoan ere bai. Ez bakarrik Cajasurren, Caja Mediterraneoagaz ere negozioak egin dituzte. Hipertrofia inmobiliario horren erakusle nagusia Neinor zen; orain dela gutxi saldu diote funts putre bati, egoera apur bat itxuraldatzeko. Bada, sortu berri den Neinor Homes hori Uribe Kostan dabil lanean, adreiluagaz atzera eta aurrera, jo eta su, AEBetako funts putre baten menpe. Uribe Kostan ere, Getxoko alkatea dugu. Bitxia iruditu zitzaidan: hauteskundeek Kutxabankegaz zerikusi handia daukate, eta hauteskundeen aurretik hartu behar edo ahal zituzten erabaki batzuk ez dituzte hartu edo atzeratu dira hauteskundeak pasatu arte. EAJk ez zuen gura hauteskunde-kostea eduki Kutxabanken etorkizuna aurreratuz edo argituz. PSOE eta EAJren arteko harremanak direla-eta hor, adibidez, Imanol Landa ageri da, Getxoko alkate PSOEren laguntzaz eta Eudeleko presidente PSOEren laguntzagaz ere bai. Horrelako zehaztasun batzuk eman ditut Uribe Kostari buruz. Bestalde, infografietan ere badaude Uribe Kostako afera batzuk, horien protagonisten izen-abizenakaz, politikari ezagunenak ere bai. Ageri da Uribe Kosta, bai.

Iaz, Jose Ignacio Goirigolzarri plentziar famatuak Kutxabanken "etorkizuna ona izango dela" esan zuen.

Edo San Gabriel arkanjelua da, edo kristalezko bola bat dauka. Krisia deritzoten finantza-alkimia horretan, ho­rre­lako augurioak egiteko, jainkoa izan behar duzu. Super Mario Draggi bada, Super Mario Fernandez ere, eta gero Super Mario Fernandezen betiko lagunak: Goirigolzarri-eta. Goirigolzarri adibide ona da: Deustun formatutako Neguriko euskal aberatsek, edo aberats baskoek, finantzen Olinpon nagusi irauten dute gaur egun, nahiz eta Francisco Gonzalezek BBV BBVA bihurtzean estatu-kolpe hura eman, PPren laguntzagaz. Iraun dute Bergaretxe familiak eta horrelako jendeak: Goirigolzarri, Mario Fernandez, Gregorio Villalabeitia, Sanchez Asiain, Garcia Lurueña...

Kutxabankeko goi-mailako zuzendaritzak BBVAgaz ate birakari izugarria dauka. Goirigolzarri bera Bankian nagusi da egun, eta berak beste ate birakari bat zabaldu du bertan, BBV edo BBVAn ibilitako batzuentzat. Berak ere erabaki du beste banku batzuetan nor izango den presidentea eta batzuetan presidente hori BBVAko zuzendaritzako kide ohiren bat izan da. Eta Goirigolzarriren hitzak San Gabriel arkanjeluarenak legez kontuan hartu beharrekoak dira.

Vocentok ere augurioak egin ditu Kutxabanken inguruan; goraipamenak ere bota ditu, Goirigolzarrik botatakoen antzekoak, baina bere iragarpena da 500 langile soberan daudela Kutxabanken. Defendatzeko ahaleginak egin behar dira, hortaz.

Liburua dela-eta, Kutxabanketik edo bertako exekutiboen aldetik zein erantzun jaso duzu?

Gertatu zait orain arte legez: alderdi politikoakaz, batez ere, kontseilariakaz lortu ditudan elkarrizketak off the record izan dira. Batzuk badaude, kritikoak edo kontseiluan egondako batzuk, eta beren ekarpenak egin dizkidate, noski. Ez bakarrik Kutxabanken kontseilari edo zuzendaritzan ibilitakoak baizik eta Kutxabankek parte hartzen dituen 171 enpresa horietan ere ibili naiz elkarrizketak egiten, eta hortik ere informazio asko jaso dut. Kutxabank bera ere gonbidatu nuen liburuan parte hartzera, bere bertsioa eta zehaztapenak jasotzeko. Ez du gura izan. Mario Fernandezek ere aukera izan du. Erantzun nahiko hotza eman zidan, baina besterik ez.

Alderdi politikoakaz ere antzera gertatu zait: edo ezezkoa edo euretariko kargu ohiren bat hurbildu zait liburuaren nondik-norakoaz interesatuta. Sindikatuak ere adi egon dira eta harreman zuzena izan dut, batez ere ELA eta LABegaz. Eurek emaitzak atera dituzte zeren liburua publikatu aurretik, ELAk kanpaina bat atera du eta kartelakaz, liburuan agertzen diren hainbategaz: Gregorio Villalabeitia bera, Josu Jon Imaz, Alberto Garcia Erauzkin, Pello Guibelalde, Florentino Perez, Ignacio Sanchez Galan, Yolanda Barcina... ELAren karteletan agertu dira, eta liburuan bertan agertu dira, euren berri eman dut. Eta Euskaltelen, salaketa kanpainak egin dituzte. Euren berri prentsaz jaso dut eta eurek nire berri zuzenean. Horrela da gaur egungo mundua.

Azkenik, eragile sozialakaz, Stop Deshaucios eta abarrakaz harreman izan dut, zeukaten informazioa jasotzeko. Nik ere, gardena izateko, esan diet zein izango zen nire bidea; kritikarik edo zuzenketarik egin gura bazuten, bada aukera izateko behintzat.

Non eros daiteke liburua?

Autoedizioa egin dugu. Durangon portzentaje handia atera genuen. Handik aurrera, Elkar liburu-dendetan eta Elkarregaz akordioa duten dendetan ere zabaldu genuen, urtarrilaren erdialdetik. Pasa den astean, Elkarren Postdata batean irakurri dudanez, libururik salduenetako zerrendan dago. Beraz, ditudan aurkezpen kopuruagatik, uste dut bigarren edizioa prestatzen hasi beharko dugula honezkero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa