Elkarrizketak

Garazi Murua: "Guk irabaztekotan, gabarra atera beharko litzateke; tradizioa da"

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo FM 2016ko ots. 11a, 20:00
Garazi Murua Athleticeko atzelari getxoztarra.

Garazi Murua Astorkiza getxoztarrak 21 urte ditu besterik ez, baina Athleticeko lehenengo taldeko atzelari-titularra da. Bederatzi urtegaz hasi zen baloiari ostikadak ematen Renon (Nevadan), handik urtebetera Algortan jarraitu zuen. Lanaren poderioz joan da gorantz, zale zela animatzen zituen jokalariakaz jokatu arte, eta Euskal Herriko koloreak ere defendatu ditu. Hankak legez, burua ere ondo hornituta dauka. Faduran hartu gaitu, etxean darabilen doinu gipuzkoar gozoagaz.

Egundoko lehenengo buelta egin duzue ligako denboraldi honetan.

Bai. Guretzat garrantzitsua izan da dinamika on batean sartzea hasieratik, eta horrek ahalbidetu digu orain gauden lekuan egotea. Ziurrenik, ez genuen espero denboraldi hasieran horren errenta ona edukitzea, bigarren eta hirugarren postuetan dauden Barça eta Atletico Madrilegaz, baina lana ondo egin dugu, eta emaitzak hor daude.

Partida bat izan ezik, lehenengo bueltako dema denak irabaztea, dozena bat partidatan segidan garaipena lortzea, eta galdu barik mantentzea marka itzela da.

Bai, gu partidaz partida joan gara, gure jokoa eginez. Egia da defentsan talde osoa oso-oso sendo egon garela, eta ate aurrean ere asmatu dugula, eta partida gehienetan aurretik jartzeko aukera izan dugula. Horrek aukera ematen dizu partidak beste era batera planteatzeko.

Hala ere, hainbat jokalari lesionatu izan duzue orain arte, zuen taldeko aldagelan.

Bai, oraindik horrela jarraitzen du Irune Muruak. Guretzat denbora gehiegi da Irune bezalako taldekide bat zelaitik kanpo egotea, eta bera bezala beste jokalari batzuk ere taldetik aparte egon dira; azkenean, horrek gauzak zaildu egiten ditu. Dena den, ematen du taldea, hala eta guztiz ere, aurrera atera dela, eta emaitza onak izaten jarraitzen dugula.

Liga irabaztea espero duzue?

Jendeak oso zuhurra izan nahi du horrekin; orain dela urte batzuk, ligan aurreneko postuan denboraldi guztian egon eta gero, azkeneko partidan San Mamesen Barçaren kontra jokatu eta galdu baitzuten, eta liga Barçak irabazi zuen. Hori oso kolpe latza izan zen taldearentzat. Ni ere estadioan nengoen, eta bizi izan nuen egoera hura, beste plano batetik izan bazen ere. Horregatik, taldeak nahiago du lasai joatea, partidaz partida; luzea da, eta talde guztien aurka jokatu behar da.

Irabaztekotan, gabarra atera beharko litzateke?

Bai, nik uste dut baietz. Kar, kar, kar. Uste dut baietz: hori Athleticen tradizio bat da, eta zergatik gurekin ez da egingo?

Zelan izan zen zuretzat futbolari ekingo zeniola erabakitzea?

Benetan ez zen erabaki bat izan. Nik txiki-txikitatik gustuko izan dut futbola; txiki-txikitatik jokatu izan dut. Amerikako Estatu Batuetan hasi nintzen; gero hona etorri, Bizkerrera, eta gauzak pixkanaka pixkanaka etorri zaizkit. Nolabait amestu egiten nituen gauzak, baina ez nituen inoiz helburutzat jotzen, baina gero ailegatzen dira, lana eginez eta zorte pixka batekin, eta hemen gaude.

Egunero lan handia egin behar duzu jarraitzeko?

Bai, noski. Hori da oinarrizkoena: lanik gabe, bat ez da inora iristen; baina ez futbolean soilik, bizitzako alor guztietan ere.

Zelan gogoratzen duzu Algortan emandako etapa?

Oso garai polita izan zen. Esan liteke benetan hemen  hasi nintzela futbolaz gozatzen, Estatu Batuetara bederatzi-hamar urterekin joan bainintzen. Han urtebete bakarrik egin nuen, eta ondoren hemen, Bizkerren, bost urte pasa nituen: aurreneko biak mutilekin jokatzen, Andoni Manchobasekin eta herriko jende pila batekin. Baina, handik denbora batera, legez jada ezin nuen mutilekin jokatu, eta nesken taldera pasatu nintzen. Oraindik bertan lanean dabilen Xabier Arrieta mutilarekin topatu nintzen, eta hor egin nituen lagun asko eta asko, oraindik mantentzen ditudanak. Adibidez, Maddi Torre ere hemen ibili zen nire adinarekin, eta orain, Athleticen gaude berriro elkarrekin. Horrelako gauzak politak dira, eta herriko taldea horren indartsu ikustea ere ederra da. Polita da esan ahal izatea: "ni hor hasi nintzen".

Berezi egiten zitzaizkizun Leioako Emakumeak edo Erandioko Betiko Neskak bezalako taldeen aurkako derbiak?

Bai, baina Leioa denok dakigu talde historikoa dela, eta Betiko Neskak beranduxeago hasi ziren, baina derbi politak izaten genituen, baita Pauldarrak taldekoekin eta beste hainbat talderekin ere. Derbi biziak izaten ziren. Ikus daiteke Bizkaian emakumezkoen futbol-maila oso ona dela.

Ostera, gutxitan agertzen zarete telebistan eta bestelako komunikabideetan.

Uste dut gauza batzuetan, askotan, sartzen direla diru-kontuak erdi-erditik. Niretzat benetan da borondate kontu bat; batez ere, komunikabide publikoek emakumezkoen eta gizonezkoen kirolei estaldura berdina eman beharko liekete. Baina ez da hala gertatzen, eta galdera hori askotan, ia elkarrizketa guztietan, egiten digute. Uste dut erantzuna denok dakigula zein den, eta egitea besterik ez dago. Guk badakigu jarraitu behar dugula emaitza onak izaten; zoritxarrez, emaitza onak ditugunean bakarrik oroitzen direlako hainbat komunikabide gutaz. Horretan jarraitzen dugu lanean, gure kirolak, bai futbola, bai beste kirol guztiak zabaltzen saiatzen gara.

Athleticek erreferente bihurtu zaitu, adin txikiko neska-mutilen artean, batez ere. Horrek zelanbaiteko presioa eragin dizu?

Ez. Athleticen zein beste edozein tokitan errespetua izan behar zaio kirol-jarduerari. Hala ere, bai, uste dut ikusgarritasun hori edukitzeak nolabaiteko erantzukizuna suposatzen duela; egia da, baina bizitza guztia pasa dut futboleko ingurune honetan, eta orduan, bai nik, bai nire taldekideek ere naturaltasun osoz hartzen dugu egiteko hau, eta gainera gustatzen zaigu; izan ere, orain dela urte batzuk, gu ginen beste aldean geundenak. Hori ere polita da ikustea: nola alde batetik bestera pasatu naizen, eta orain nire erantzukizuna den beste gaztetxo horien nolabaiteko eredua izatea.

Zeintzuk izan ziren zure izarrak?

Nik izar asko eduki ditut; txikitan nesken gorengo mailako futbola aurkitu aurretik, Xabi Alonso asko gustatzen zitzaidan, eta, jakina, gaur egun izar handiak diren guztiak ere, Mascherano ere... Baina gero, apurka-apurka, erdiko atzelari jokatzen hasi nintzenean, jada ikusi nuenean nesken goreneko maila ere bazegoela, hemengo taldeak sortu zirenean, hasi nintzen, bai, sarriago arreta jartzen haiengan. Adibidez, Irene Paredes Athleticera iritsi zenean, egoeraz jabetu nintzen, baina orokorrean niretzat Athletic, Reala, Barça... talde horiek ikustea, neskak zirela, kamiseta horiek zituztela, niretzat jada izan zen kristorena. Amesten nuen egunen batean horrelako talde batean izateko aukera izango nuela.

Zer esango zenieke kirolean hasi nahian dabiltzan neska-mutilei?

Kirolak, lehenik eta behin, disfrutatzeko zer edo zer  izan behar duela. Gauza asko ikasten dira, bai pertsona-mailan, bizikidetzan, bai edozein alorretan beharko diren esfortzua, sakrifizioa, pertseberantzia, lana; horri buruz asko ikasten da, baina, batez ere, disfrutatzeko gauza bat izan behar du. Gero gertatuko da gertatu behar duena, baina naturaltasunez iristen da. Inportanteena disfrutatzea da; bestela, ez du merezi.

Beste zerbait esan gura diezu HIRUKAko irakurleei?

Eskertzen ditudala Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak orokorrean emakumeen kirolaren inguruan duten jarrera positiboa eta ematen dizkiguten babesa eta gogoa. Eta gustatuko litzaidakeela horrela jarraitzea, eta gure hemengo kirolak hazten segitzea. Ea egunen batean, orain baino jokalari gehiago ikusten ditugun elitean, bai futbolean, bai beste kiroletan. Guretzat oso positiboa da, eta asko eskertzen dugu guztion aldeko jarrera.

Garazi Murua eta futbola

Garazi Murua 2015eko martxoaren 1ean hasi zen Athleticeko lehenengo taldean, etxean, Lezaman. Partida hartan, lehoiek 6-0 irabazi zioten Collerense klubari. Athleticera AEBetatik heldu zen, East Tennesee State University-ren hamaikakotik, bertako unibertsitatean ikasi baitzuen Ekonomia; gero EHUn ikasketak jarraitu zituen.

Ameriketara joan aurretik, Athleticen bigarren taldean jardun zuen bost urte. Lezamara Bizkerretik heldu zen. Euskal Selekzioagaz, 16 eta 18 urte azpiko kategorietan jokatu du, eta 18 urte azpikoan, Espainiako txapeldunordea izatea lortu zuen 2013an.

Espainiako Selekzioak ere deitu izan du Murua, 16, 17 eta 19 urte azpiko taldeak osatzeko. Bertan ere, saria izan zuen bere ahaleginak, 2014an Europako Txapelketetan zilarrezko domina jantzi baitzuen.

2013an, atzelari postuan, Urrezko Hamaikako kide izendatu zuten Espainiako Futbol Federazioak eta Estatuko kirol-egunkariek. Futbolari gazterik onenen artean ikusten zuten, beraz.

2014an, Muruak esperientzia errepikatu zuen, hamaikakorik onenetarako aukeratu zuten, AEBetako Hegoaldeko konferentzian urteko jokalari gazterik onena izendatzeaz gainera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun