Euskara ikasten eskarmentua

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Onandia 2015ko aza. 30a, 09:18

Euskara ikasten eskarmentua. Duela urte batzuk, 62 urte nituela eta erretiroa hartuta, astia eta denbora sobera nuenez, aspaldidanik gogoz neukan euskara ikasteari berriro ekin nion. Lauaxeta AEK euskaltegian egin nituen aurreneko urratsak, ondoren J.A. Agirre euskaltegian eta egun, bertoko mintza praktika taldean ari naiz.

Tartean eta azken urte hauetan uda aldean aste beteak eman izan ditut Zornotza eta Etxalar barnetegian. Nire ustez euskara ikasteko modu egokiena, euskara eguneroko bizitzan barneratzean datza. Hori lortzeko, besteak beste, hilero euskaraz eleberri bat irakurtzeko ohitura daukat baita noiz behin artikuluren bat euskal aldizkarietan idazten saiatu ere baina garrantzitsuena nire ustetan mintza-praktika da. Horrela bada, gure euskaltegian mintza-praktika talde bi ditugu, bertan euskaldun berriez gain, euskaldun zaharrak daude eta guztiok elkarrekin hizketan aritzen gara, inolako azterketa prestatu beharraren presiorik gabe, euskaraz elkarrekin mintzatuz, lagun berriak eginez, edozelako gairi buruz mintzatzen, eta hala, giro ederra sortu dugu irakasle eta ikaskideen artean. Horrez gain, Berbalaguna ekimenean ere parte hartu ohi dut. Izan ere bi talde ezberdinetan nago eta Egizuk antolatzen dituen ekintzetan ere izaten naiz, hala nola, txangoak, euskal tailerrak, euskal bazkaria, etorkinen afaria, Berbodromoa eta enparauak. Hori gutxi balitz, Donostiako Udalak antolatutako Mintzanet.net programan ere parte hartzailea naiz hasiera hasieratik. Gaur egun ere Mintzaneten gustura jarraitzen dut, astero hiru pertsonekin euskaraz hizketan arituz, Skyperen bitartez, ordubete bat bakoitzarekin, Algortako Jon Ariñorekin, Donostiako Ana Ursularekin eta Argentinako Valeria Garciarekin, beraz, etxetik irten gabe, lasai asko, munduko edozein tokitako euskara zaleekin. Bukatzeko, ez dakit azken urteotan euskara asko edo gutxi ikasi dudan, baina saiatzen eta saiatuko naiz euskaraz bizitzen eta euskaraz erosotasunez jarduten, hori baita nire helburua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun