Kultura 2004-01-03 18:25

Plentziako hainbat argazkilariren lana ikusgai Goñi Portalen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtarrilaren 15a bitartean, udalerriko hainbat artistek prestatutako argazki erakusketa hartuko du Plentziako Goñi Portal Kultur Aretoak. Besteak beste, Iratxe Gallo, Iker Unzalu eta Aitor Herrero dira argazkien egileak. Goizez eta arratsaldez egongo dira ikusgai Kultur Aretoko ohizko ordutegian.
  Kultura 2004-01-03 18:17

Astelehen goizean liburutegia zabalduko dute umeentzat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Nahi duten umeak, oporretako azken egunean, margoztu eta irakurtzera joan daitezen, urtarrilaren 5ean goizez egongo da zabalik Barrikako Udal Liburutegia. Urtarrilaren 7tik aurrera, berriz, betiko funtzionamendu eta ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera, goizez, 10:00etatik 13:30era, eta arratsaldez, 16:30etik 20:00etara. Larunbatetan, goizean baino ez da egongo zabalik.
  Kultura 2003-12-29 17:36

Makilajeak bihar Barrikako liburutegian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 'Gabonetan ere, euskaraz irakurriz gozatu' lelopean Barrikako Udal Liburutegiak Gabonetarako antolatu duen egitarauaren barruan, makilajeak egingo dituzte abenduaren 30an, beste hainbat ekintzeekin batera. 11:30ean hasi eta 13:30ean amaituko dira tailerrak, liburutegian.
  Kultura 2003-12-29 17:18

Haurrentzako Gabonetako Parkea gaur eta bihar Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur eta bihar Haurrentzako Gabonetako Parkea egongo da zabalik Sopelako Urko Kiroldegian, haurrentzako eta gazteentzako hainbat jarduerekin: puzgarriak, ludoteka, eskulanetako tailerrak, zezen mekanikoa, play station, dardoak, scalextric... Goizez, 11:00etatik 14:00etara; eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara izango da ordutegia. Sarrera dohainik.

Horretaz gain, abenduaren 29an (gaur), 20:30etatik aurrera, haur eta gazteentzako diskoteka jarriko dute Urkon bertan. Abenduaren 30an (bihar), berriz, Noisy Nights taldeak urte bukaera festa eskainiko du, leku eta ordu berean.
  Kultura 2003-12-26 20:13

Haur Parkea Berangon asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 27an eta 28an Haur Parkea zabalduko dute Berangoko pilotalekuan. Bertan, Santa Fe trena, ludoteka, zezen mekanikoa eta tailerrak egongo dira goizez, 11:30etatik 14:00etara; eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara. Igandean ere 'Patxin eta Potxin' pailasoak egongo dira, 19:00etatik aurrera. Dohainik da sarrera.
  Kultura 2003-12-26 20:12

Ipuin kontalaria bihar Gorlizko erakustaretoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Jose Maria Carrerek ipuin kontalari saioa eskainiko du abenduaren 27an, 18:30etik aurrera, Gorlizko Udal Erakustaretoan. Beste alde batetik, pintura, eskulanak eta zeramika tailerrak antolatu dituzte Kultur Etxean udalerriko umeentzat. Hauek goizean egingo dira, 11:00etatik 13:00etara.
  Kultura 2003-12-24 20:03

Euskalduna Jauregiko gabon ikuskizunetara joateko autobusak Berangotik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskalduna Jauregira irteerak antolatu ditu Berangoko Kultur Etxeak abenduaren 30ean eta urtarrilaren 2an. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, 'Peter Pan' musikala eta 'Marixe' txotxongilo eta dantza ikuskizuna euskaraz eskainiko dira bertan, hurrenez hurren, arratsaldeko lauetatik aurrera egun bietan. Sarrerak mugatuak dira eta Kultur Etxean daude salgai. Ordu bete lehenago aterako da autobusa Berangotik.
  Kultura 2003-12-23 22:34

Badator Olentzaro

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hamabi hilabete luze itxaroten egon ostean, urteko gaurik magikoenarekin gozatu ahal izango dute bihar Euskal Herriko ume guztiak. Bapo afaldu eta gero, lozorroan sartu eta, eguna argitzean, orduan hasiko dira arineketak eta komeriak. Hala ere, ohera sartu aurretik, abestu eta jolasteko aukerarik ez zaie faltako txikienei. Izan ere, goizean goiz, hartuko ditu Olentzarok, abenduaren 24an, Uribe Kostako kaleak. Bazkal aurretik hasi eta ilundu bitartean, txistulariak, dantzariak eta kalejirak ibiliko dira txokotik txokora. Gauean, txokolate, gozoki eta gaztaina erreekin sabela beto ostean, su eta gabon kanten artean, ikazkin zaharrari azkeneko agurra emateko.
  Kultura 2003-12-23 19:27

Arte Ederretako Fakultateko zortzi ikasleren artelanak erosi ditu EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ondare Artistikoa Erosteko XI. deialdian aukeraturiko 27 obretatik, zortzi artelan aukeratu ditu, Manuel Montero errektoreak, ordezkari instituzionalek eta fakultateko irakasleek osatutako epaimahaiak.
  Kultura 2003-12-22 15:32

Euskaraz idatzitako liburuak oparituko dizkie haurrei Barrikako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Jose Maria Ezpeleta Unibaso alkatearen eta Udala osatzen duten guztien izenean, Gabonak zoriontzeko gutunarekin batera, opari bezala, euskaraz idatzitako liburu bana jasoko dute Barrikako etxeetako gazteenek. Horretaz gain, herriko zenbait kultur eta kirol talde agertzen diren 2004 egutegia bidaliko dute etxeetara.

Aukeratutako liburuei dagokionez, adinen arabera daude banatuta eta etxekolanetan emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna daukate ardatz nagusi. Besteak beste, 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzako den 'Hori aurpegia', 'Nire aita etxekoandrea da, eta zer?' (8-11 urte) eta 'Hi bai matxista zikina' (12-16) liburuak aurkitu ahal izango dira.
  Kultura 2003-12-19 21:55

Gabon-kanta kontzertua emango du bihar Erromon Ondarreta Abesbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ondarreta Abesbatzak gabon-kanta tradizionalak eta beste ezezagunago batzuk bilduko dituen kontzertu bat emango du bihar, Erromoko San Jose elizan, arratsaldeko 20:15etik aurrera. Sarrera dohainik izango da, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez.
  Kultura 2003-12-19 21:50

Getxolandiak bihar irekiko ditu ateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxolandia haurrentzako parkeak bihar irekiko ditu ateak. XVII. edizioan, jolasek, tailerrek eta ludotekak 7.500 metro karratutik gorako azalera hartuko dute Areetako Geltokiko Plazan, ondoko aparkalekuan eta Ibaiondo kalean kokatuko den karpan, Getxoko Kultur Etxeak gaur jakinarazi duenez.
  Kultura 2003-12-18 20:10

Euskara sustatzeko konpromizu argia hartu du Uribe Kostako Mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) aurkeztu zuen abenduaren 15ean (astelehena) Sopelako Udaletxeko Hall Kulturalean Uribe-Kostako Mankomunitateak. Erakundea osatzen duten herrietan euskararen egoera, gaur egun, zein den ezagutzeaz gain, datozen urteetako hizkuntza-politika zehaztea da plan estrategikoaren helburu nagusia, Miren Dobaran Berangoko alkatesak adierazi zuenez. Gainera Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak onartua dago EBPN. Maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko eta, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko jarriko da abian.
  Kultura 2003-12-17 21:37

Bertso-afaria antolatu du azaroaren 19an Ariku Kultur Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gabon giroan murgiltzen hasteko, bertso-afaria antolatu du, abenduaren 19an, Berangoko Ariku Kultur Taldeak. 21:30ak aldera hasiko da ekitaldia herriko La Palmera erretegian eta, Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes bertsolariak arituko dira kantari. Txartelak Berangoko Nebarrebak tabernan daude salgai, hamar euro ordainduta.
  Kultura 2003-12-17 21:37

Takolo, Pirritx eta Porrotxen azken lana ostiralean Ibilaldia 2004ren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ibilaldia 2004ko aurreko ekitaldien barruan, 'Poxpolin Marisorgin' euren azkeneko lana estreinatuko dute Takolo, Pirritx eta Porrotx pailasoek, abenduaren 19an, Sopelako Urko kiroldegian. Besteak beste, bi saio egongo dira: bata, 17:00etan, eta bestea, 19:30ean. Betiko eta Ander Deuna ikastoletan, Sopelako Udaletxeko Hall Kulturalean eta, Sopela eta Leioako Ibilaldiko dendetan daude salgai sarrerak, bost euro ordainduta.
  Kultura 2003-12-17 21:36

Bihar zabalduko dute Urdulizko Gabonetako Parkea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 18 eta 19an Umeentzako Gabonetako Parkea egongo da zabalik, Urdulizko Iparralde Kiroldegian. Goizez, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 19:30etara, izango da ordutegia. Horretaz gain, animazio ikuskizuna egingo dute kiroldegian bertan, ostiralean, 18:30etik aurrera.
  Kultura 2003-12-16 22:15

Ostiralean izango den 'Berria'ren aldeko kontzerturako sarrerak salgai

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 19an, Getxo Antzokian, kantu emonaldi bat antolatu dute 'Berria' egunkariaren aldeko Getxoko herri batzordekoek, eta bertan Biotz Alai abesbatza, Olatz Gorrotxategi sopranoa eta Maitane Abasolo piano-jotzailea izango dira. Ekitaldi hau arratsaldeko 20.00etan izango da, eta sarrerak Getxoko Kultur Etxean (Villamonte), zein TELEKAn daude salgai hilaren 9tik aurrera.
  Kultura 2003-12-16 18:36

'Esanak Esan!' Algortako musika talde gazteon diska

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hemen dago jada 'Esanak Esan!', Algortako gazte asanbladak argitaraturiko herriko taldeen diskoa. Arazo eta oztopo ugariren ostean kalean dago. Borrokaz, desadostazunez eta sentimenduz beteriko 19 abesti aurkituko dituzue 'Esanak Esan!' diskoan. Gazteok gazteontzat eginiko diskoa, grabaketatik banaketara arte. Abestiak ere horrelakoak dira: gazteak, errebeldeak, iraultzaileak... gai ezberdinak jorratzen dituzte gazteek, hala nola, okupazioa, inperialismoa, eskubideen urraketa, indar errepresiboak, politikariak, barne sentimenduak, pasibitatea,... oro har sistema usteldu honek gazteongan sortzen dituen arazoak eta kezkak.
  Kultura 2003-12-15 22:07

Isabel eta Rosa Calle margolarien artelanak ikusgai Berangoetako Kultur Etxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astelehen honetatik abenduaren 30era bitartean, Isabel eta Rosa Calle margolarien artelanak egongo dira ikusgai, Berangoetako Kultur Etxeko Erakustaretoan. Besteak beste, berrogehi oleo eta pastel-margo osatzen dute erakusketa. Gaiei dagokionez, Hondarribiako paisaiak biltzen ditu, gehienbat.
  Kultura 2003-12-13 21:52

Gabonetako Ibilaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Jakin dakizuenez, Ibilaldiak hamaika ekitaldi antolatzen ari da beste gauza askoren artean, eta hortaz, ezin pentsa genezakeen Gabonetan ez zuela ezer prestatuko.

Lehendabiziko ekitaldiak abenduaren 19an, barikuan izango dira. Aipatutako egunean Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoek euren azken ikuskizuna estreinatuko dute Sopelako Urko kiroldegian arratsaldeko zazpi t’erdietatik aurrera. Egun bardinean Olentzero jaia egongo da Leioako Betiko ikastolan. Pailazo ikuskizunerako sarrerak Sopelako Udaletxeko Hall Kulturalean, Ander Deuna eta Betiko ikastoletan, eta Sopela eta Leioako Ibilaldiko dendetan egongo dira salgai, 5 eurogatik.