Kultura 2003-11-23 20:51

Historiari buruzko euskarazko lehenengo aldizkari elektronikoa aterako du UEUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) www.kondaira.com, historiari buruzko euskarazko lehenengo aldizkari elektronikoa, aurkeztuko du datorren asteartean. Aurkezpena UEUren Bilboko egoitzan izango da, 11,00etatik aurrera, eta Jurgi Kintana 'Kondaira.com'-eko zuzendariak eta Mikel Aizpuru UEUko Historia Saileko kideak hartuko dute parte.
  Kultura 2003-11-21 22:54

Euskara eta kirola bat izango dira Andra Marin, III. Aerobic Maratoian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kirola eta euskara uztartuz, ondo pasatzeko aukera izango dute igande arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Getxoko Andra Mari Kiroldegian elkartzen diren guztiek. Izan ere, III. Aerobic Maratoia Euskaraz antolatu dute Bizarra Lepoanekoek, Getxoko V. Euskara Jardunaldien barruan. Egiten den hirugarren urtea da, eta aurten, berrikuntza ugari dakartza. Besteak beste, 'spinning' izeneko modalitate berriaren erakusketa eta 'capoeira' brasildarra egongo dira ikusgai, guztia DJkijeiki izeneko DJak musika zuzenean jartzen duen bitartean.
  Kultura 2003-11-20 23:29

Txinako Ganbara-Orkestra Gazteak emango die amaiera Udazkeneko Kontzertuei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udazkeneko Kontzertuen zikloa amaitzeko, Asiako talde ospetsuenetako bat egongo da ikusgai Redentorren, Txinako Ganbara-Orkestra Gaztea. Talde hori Txinako Orkestra Sinfoniko Gaztetik eta Txinako Musika-Kontserbatorio Zentraletik datozen irakasle gazteek eta ikasle bikainek osatzen dute. Bihar eskainiko dute emanaldia, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Aurreko egunetan bezala 3 eurokoa izango da sarrera.

Biharko Egitaraua
  Kultura 2003-11-20 16:48

Igandetik aurrera, Getxoko V. Euskara Jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri III. Aerobic Maratoia Euskaraz ikuskizunarekin emango zaie hasiera, igandean, Getxoko V. Euskara Jardunaldiei. Esparru guztietan euskararen normalizazioa bultzatu asmoz, guztira 15 ekitaldi antolatu dituzte, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna ardatz artuta. Besteak beste, antzerkia, musika, umorea, kirola, olerkia eta jokoak egongo dira azaroaren 23a eta abenduan 4a bitartean, umeak, gazteak eta hain gazte ez direnak goza dezaten. Euskara Zerbitzuak eta Kultur Etxeak ez ezik, hainbat elkartek eta erakundek ere parte hartu dute jardunaldien antolaketan.
  Kultura 2003-11-19 22:28

Erdi Aroko musika eskainiko du Alia taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erdi Aroko musikan berezitua den Alia Música taldeak Redentor elizan emanaldia eskainiko du bihar, Getxoko Udazkeneko Kontzertuak jardunaldien barruan. Emanaldia arratsaldeko zortzietan hasiko da eta sarreren salneurria hiru eurokoa izango da.

Alia Música taldeak hamabost urte baino gehiago ditu. Mundu mailako hainbat leihaketetan hartu du parte eta 'Urrezko Lira' eta '10/10 Classics Today' sariak jaso ditu, besteak askoren artean. Miguel Sánchez edukiko dute zuzendari biharko kontzertuan.

Biharko Egitaraua
  Kultura 2003-11-19 21:51

Hitzaldia emango dute bihar 'Berria'-ko langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 'Berria'-ko langileak proiektua zertan den azaduko dute bihar, arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera, Algortako Kultur Etxean (Villamonte) emango duten hitzaldian. Besteak beste, kazetaren egoera, akzioen izenpetxea, orain arte emandako pausuak eta aurrerantzean emango direnak... izango dira mintzagaiak. Horretaz gain, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxierari buruzko bideoa ikusi ahal izango da. Horretan, elkartasun agerraldiak jasotzen dira, beste askoren artean.
  Kultura 2003-11-18 22:05

Pettik joko du Bilboko Ingeniaritza Eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Petti kantautore beratarrak kontzertu bat emango du bihar iluntzeko 20,00etan, Ingeniaritza Tekniko Industrialaren Unibertsitate Eskolako Areto Nagusian, Bilbon. Pettik blues-gizon alderdia eta gitarraren maneiua eskainiko ditu errezitaldian.
  Kultura 2003-11-18 21:57

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emanaldia eskainiko du bihar Redentorren

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, asteazkena, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa igoko da Redentor elizako eszenatokira. Heinrich Schiff-en zuzendaritzapean, eta Carmen Fuggiss soprano ospetsuarekin gonbidatu gisa, Haydn eta Mahler-en piezez osatutako programa bat eskainiko dute, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, 'Udazkeneko Kontzertuak' jardunaldien barruan. Sarrera 3 eurokoa izango da.

Biharko Egitaraua

Gai honen inguruko albisteak

Bihar Udazkeneko Kontzertuen bigarren saioa - Azaroak 17

Amaia Arregi sopranoak emango die hasiera Udazkeneko Kontzertuei - Azaroak 11
  Kultura 2003-11-18 20:35

Tangoen doinuek beteko dute bihar Areto Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Cecilia Rodríguez eta Sonia Levitán-ek osatzen duten bikote musikalak tangoaren, milongaren eta beste erritmo argentinar batzuen doinuekin beteko dute bihar, eguerdiko 12,00etatik aurrera, EHUko Leioako campuseko Areto Nagusia, Asteazken Kulturalak jardunaldien barruan.
  Kultura 2003-11-18 20:03

Gabriel Cualladó argazkilari katalanaren obra dago ikusgai Kultur Etxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gabriel Cualladó argazkilari katalanak bere obraren atal baten erakusketa jarri du ikusgai Berangoko Kultur Etxean, azaroaren 30era bitartean. Goizeko 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 16:30etatik 21:00etara dago zabalik.

Erakusketa zuri-beltzezko 28 argazkiz osatuta dago. Argazkietan, artista katalanak "zati intimo txikiak, tristurak, pozak..." agertzen ditu, eta "beraiek izateari uzten dioten pertsonaiak" erakusten ditu, "drama eta mezurik gabe", argazkilariaren hitzetan.
  Kultura 2003-11-18 00:35

Bihar Udazkeneko Kontzertuen bigarren saioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Maite Arruabarrena soprano donostiarrak eta 1995 urtean Pavarotti Lehiaketa irabazi zuen Luis Damaso tenoreak osatutako ahots-bikotearen doinuekin gozatu ahal izango dute, bihar, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Algortako Redentor elizara joaten diren guztiek. Horiei lagunduz, Pedro Jose Rodriguezek joko du pianoa. Sarrera 3 eurokoa izango da. Azaroaren 14a eta 21a artean egingo diren kontzertuek, aurreko edizioetako kalitate eta aniztasunaren ildo berari eusten dio antolatzaileen hitzetan. Bi irizpide hauek baitira Udazkeneko Kontzertuak musika zikloa saihestezin bihurtzen dutenak, "ez bakarrik musika klasikoa maite dutenentzat, baizik eta baita mundu horretan sartu nahi dutenentzat ere".
  Kultura 2003-11-17 23:54

Jazzaldian joko duten taldeak aukeratzeko lehiaketan izena emateko epea zabalik dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko 2004ko Europar Jazzaldian parte hartuko duten taldeak erabakitzeko lehiaketan izena emateko epea zabalik dago jada. Otsailaren 21ean amaituko da, eta ezinbestekoa da taldearen CD edo zinta bat aurkeztea, baita argazki bat ere. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra arte ospatuko den Jazzaldiaren XXVIII. ekitaldian parte hartuko dute aukeratutakoek.
  Kultura 2003-11-15 20:50

Ibilaldia 2004 dela eta, bertso saioa egongo da bihar Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udal euskara zerbitzuak antolatuta eta Ibilaldia 2004-k lagunduta, bertso saioa egingo dute bihar, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Leioako udaletxe aurrean. Besteak beste, Ekaitz Goikoetxea beasaindarra, Jokin Uranga azpeitiarra, Jon Martin oiartzuarra eta Xabi Paia algortarra igoko dira taula gainera. Beste alde batetik, kamisetak, sudaderak eta bestelakoak saltzeko mahaia jarriko dute Ibilaldia 2004ko antolatzaileek, asteburu honetan, Algortan egiten ari den 'Baserritik Plazara' nekazal azokan.
  Kultura 2003-11-14 22:56

Dena prest 'Baserritik Plazara' azokarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbatean eta igandean, baserriko produkturik onenak eta nekazari eta abeltzainen bizimoduaren nondik norakoak ikusteko aukera izango dute Algortara etortzen diren guztiek. Orotara, 18 mila metro koadroko eremua prestatu dute 'Baserritik Plazara' azokarako. Izan ere, San Nikolas, Bihotz Alai, Getxo Antzokia eta Geltokiko Plazak eta Juan Bautista kalea hartuko ditu ekitaldiak. Gainera, gaien araberako sei guneetan banatu dute 'Baserri Plazara': fruta, artisautza eta makineria, herri-kirolak, haurrentzako animazioa, abereak eta barazkiak egongo dira, besteak beste. Egitaraua ere apartekoa da, hainbat jarduera eta erakustaldi egongo dira guztion gozamenerako.

Beste alde batetik, kamisetak, sudaderak eta bestelakoak saltzeko postua jarriko dute Ibilaldia 2004ko antolatzaileek. 'Elkarregaz heldu' lelopean Leioa eta Sopelan egingo da Bizkaiko ikastolen jaia.

Egitaraua

Merkatua ezarriko den gunea

Zirkulazio murrizketak
  Kultura 2003-11-14 19:03

Komertzioek erabil ditzaten, euskarazko agiri-ereduak banatuko ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Fakturak, emate eta abonu-agiriak, eta loteria txartelak elebidun zein euskara hutsez banatuko ditu, laster, Getxoko Udalak, udal gobernuak berak bultzatzen duen euskararen normalizaziorako politikan parte hartzen ari diren komertzioen artean. Agiri hauek banatzeko 10.040 euro inbertituko ditu, guztira. Euskara Planaren barruan, dendetan euskararen erabilera sustatzeko aurrera eramaten ari den ekitntzen artean kokatzen da oraingo egitasmoa.
  Kultura 2003-11-14 18:35

Hurrengo kontzertuak bertan behera utzi ditu Ken Zazpik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hedabideei helarazitako prentsa oharraren bitartez, azaroaren 15ean Araman, eta 21ean Tolosako Bonderenean, zituzten bi kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituztela adierazi dute Ken Zazpi taldekoek. Izan ere, baxujoleak istripu ban izan eta oineko hezur bat hautsi du. "Bagenuen, ba, gogoa bertan jotzeko, baina hurrengo batean izan beharko du. Eskerrak ematea besterik ez Arama eta Tolosako antolatzaileei eta jendeari", azaldu dute taldekideek.
  Kultura 2003-11-14 17:56

Internet bidez emitituko du gaurko kontzertua Skalariak taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Skalariak talde nafarrak, gaueko 22:00etatik aurrera, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko duen kontzertua, internet bidezko euren irratian ere entzuteko aukera egongo da, www.radioghetto.com helbidean alegia. Serrano Produkzioek jakinarazi dutenez emanaldia zuzenean emitituko da "mundu guztirako". Horretaz gain, aldi berean, www.skalariak.com webguneko txatean parte hartu ahal izango dute entzuleek. 'Radio Ghetto' biraren barruan dago kontzertua.
  Kultura 2003-11-14 00:39

Lehendabiziko diska aurkeztu du Elorrioko Lor taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bilboko Kafe Antzokian gaur egindako agerraldian, GOR disketxearen eskutik atera duten lehendabiziko diska aurkeztu du Elorriotik datorren Lor musika talde gazteak. Rock melodiko garaikidea oinarri hartuz, gustu malgua erakusten dute, poparekiko zein metalarekiko joera tartekatuz. Letretan, berriz, Euskal Herriko egoeraren aurrean, inkonformismoa dute ardatz nagusi. "Guda-oihu" modura 'Sofa erosoak' kantua nabarmendu dute taldekideek: "Kontsumismoaren aurka, inkonformismoa bultzatu eta mugitzeko deia egiten diegu gazteei, abesti honen bitartez".

Guztira, 12 kantu osatzen dute diska, 'Kolore' izenekoan Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelen kolaborazioa tartean dela. Besteak beste, Dummy (ahotsa, kitarra), Lander (kitarra), Kimetz (baxua) eta Ramiro (bateria) osatzen dute laukotea. Diska aurkezteko lehendabiziko kontzertua IAk, asteburu honetan, antolatu duen Ikasle Egunan emango dute.
  Kultura 2003-11-11 18:23

Amaia Arregi sopranoak emango die hasiera, ostiralean, Udazkeneko Kontzertuei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 14tik 21era, musika klasikoa izango da Getxoko kultur panoramaren protagonista, Udazkeneko XVIII. edizioa ospatuko baita. Orain arteko edizio guztietan, nazioarteko musikaririk ospetsuenak ekartzeagatik nabarmendu dira ihardunaldi hauek; baita proiekzio handiko artista gazteak ekartzeagatik ere. Aurtengoan ere egitarau aparta prestatu dute, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan eta Algortako Redentor elizan.

Hilaren 14ko aurkezpen-kontzertua Amaia Arregui soprano bilbotar gaztearen eskutik etorriko da, eta Gayane Sharluyan piano-jotzailea izango du lagun. Hilaren 18an, Maite Arruabarrena sopranoak eta Luis Dámaso tenoreak osatutako ahots-bikotearen emanaldia egongo da, Pedro José Rodríguez piano jolea lagun dutela.

Hurrengo egunean Euskadiko Orkestra Sinfonikoa igoko da agertokira; Heinrich Schiff izango dute gidari, eta Carmen Fuggiss soprano ospetsuak ere parte hartuko du. Hilaren 20an Alia Música taldearen emanaldia egongo da, Erdi Aroko musika judu-espainiarrean espezializatutako taldea. Asiako talderik ospetsuenetako batek itxiko du kontzertuen zikloa, Txinako Ganbera Orkestra Gazteak, hain zuzen ere.
  Kultura 2003-11-10 21:10

Euskarak ez du lekurik Madrileko SIMO informatika azokan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 4tik 9ra Madrilen egin den SIMO Nazioarteko Informatika Azoka famatua ikusteko aukera izan nuen lehenengo aldiz. Hauek dira nire bisistatik ateratako ondorio nagusiak:

1- Informatika alorrean euskal enpresen gabezi adierazgarria, Panda ezik, ez nuen aurkitu euskal enpresarik aurkitu gidan.
2- Nahiko azoka "espektakularra" da, hau da, ikuskizun ugari estand handietan, baina mami gutxi askoetan.
3- Linux txokoa nahiko txikia zen metrotan eta hauetatik LINEX Extremadurako gobernuak gehien hartzen zuen.