Ipar Euskal Herrian izandako atxiloketak salatu dituzte Leioako campusean

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 27a, 13:05
50 bat ikaslek salatu dituzte gaur goizeko atxiloketak.

Gaur goizaldean Frantziako Jendarmeriak Ipar Euskal Herrian egindako atxiloketak salatu dituzte Leioa eta Erandioko campusean. Kontzentrazioa Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko atarian izan da, 11:00etan, eta 50 bat ikasle bertaratu dira atxilotuak askatu ditzaten eskatzera. Momentuz, Jean Francois Magis, Alex Feldmanlau, Haitz Agirrebarrena eta Teo Salomon gazteak atxilotu dituzte Itsasun, Baionan eta Arrosan. Azken biak Leioa eta Erandioko campuseko ikasle ohiak dira. Bestalde, Uribe Kostako Ernaik kontzentrazioa deitu du iluntzeko 8etarako, Leioako bulebarrean.

EHkZ guneak jakinarazi duenez, 2013ko azaroan Itsasun izandako eraso bategaz lotzen dituzte atxiloketak. Espekulazio immobiliarioa salatuz, ezezagun batzuk bigarren etxebizitza bat erre zuten "Euskal Herria ez da salgai!" lemapean. Atxilotutako gazteak Pauera eraman dituzte.

Leioa eta Erandioko campuseko ikasleek zabaldutako oharra:

Gaurkoan ere berri lazgarri batekin esnatu gara.

Goizeko seietatik aitzina atxiloketak burutzen ari da Frantziako Jendarmeria Ipar Euskal Herri osoan. Oraingoz lau dira atxilotuak, horien artean, bereziki aipatu nahi ditugu Haitz Agirrebarrena eta Teo, iaz gure ikaskide izandakoak.

Gaurkoan ere, badute aitzakia euskal gazteriaren aurka kolpe gogor bat emateko; dirudienez, 2013an "EH ez da salgai"-ren izenean buruturiko ekintza baten harira dira atxiloketak.

250.000 dira gaur egun Euskal Herrian hutsik dauden etxeak, eta ezin ahaztu, gazteok gaur egun, emantzipaziorako ditugun arazoak. Gehiago axola zaie, dirudienez, espekulazio hutserako erabilitako etxe bat erretzea, etxe kaleratzek bizitoki gabe utzi dituztenak baino.

Gaurkoan ere, euskal herritar bezala eta are gehiago gazte bezala jasaten ditugun erasoen aurrean borrokatzea oztopatu nahi digutela ikusi dugu.

Ez gaituzte kikilduko ordea, aurrean izango gara, eraso guztien gainetik.

Parean izango gaituzte, errepresioak errepresio

Aski da!

Utzi bakean euskal gazteria!

Atxilotuak askatu!

Euskal Gazteria Aitzina!

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun