Ahal Dugu (Podemos) alderdiak otsailaren 10eko batzar irekirako deialdia zabaldu arren, maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duten herri-hautagaitza alderdi horretakoa ez dela izango adierazi dute Pablo Iglesias buru duen mugimenduaren ingurukoek. “Leioa aldatzeko prest dauden herritar guztiona izango da”, Ruben Belandia Leioako Ahal Duguko kideak zehaztu duenez. Atzoko bileran, Podemosek ez zuen protagonismo berezirik izan. Azken asanblada horretan erabaki zituzten herri-hautagaitzaren izena (Esnatu Leioa) eta oinarrizko planteamenduak onartu zituzten. Hurrengo batzarra otsailaren 24an egingo dute 19:00etan Lamiakoko kultur etxean.
Ahal Duguk ez du udal hauteskundeetan parte hartuko, baina prest dago tokian tokiko biztanle eta eragileekin hautagaitza herritarrak bultzatzeko. Uribe Kostan ezagutzera eman duten lehenengoa da Leioakoa.
Lehenengo batzar irekian parte hartu zuten leioaztarrek Udalean boterean betidanik egon den EAJren kudeaketa eredua gaitzetsi zuten. Pinosolo auzia aipagai, “Leioa ustelkeriaren mapan kokatu izanaz gain, kudeaketa iluna, herritarren parte-hartze falta eta auzo gehienak baztertuta egotea salatu zuten”, azaldu du Belandiak.
Langabeziarekiko kezka ere nabarmena izan zen, 2.121 langabetu baitaude udalerrian.
Hala, herri-hautagaitza bultzatzea erabaki dute, Hautesleen Elkartea izaera erabiliz, “hori baita legean aurreikusten den figura juridikoa, alderdi politikoen menpe ez dagoen herritarren hautagaitza garatzeko”. Erabaki guztiak asanbladan hartuko dira, aurreratu dutenez.
Irakurle agurgarria:
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!
Izan zaitez HIRUKAlagun