Udal hauteskundeak 2015

Ruben Belandia izango da Esnatu Leioaren alkategaia

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 15a, 11:35
Ruben Belandia Esnatu Leioaren alkategaia.

Apirilaren 8tik 11ra bitartean Esnatu Leioak egindako hauteskunde primarioen emaitzak eskuan, Ruben Belandia Fradejas izango da aipatutako hautesleen elkartearen alkategaia, maiatzaren 24 udal bozketei begira. Besteak beste, Leioako Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotzia izan zen 2004tik 2007ko maiatzera arte. Ahal Dugu (Podemos) alderdiko kidea da hasiera-hasieratik; eta www.fueralacasta.org ustelkeriaren kontrako mugimenduan parte hartzen du.

Esnatu Leioa hautesleen elkartean egindako primarioetan parte hartu zuten 139 lagunetatik 70ek eman zioten babesa Belandiari. Aurkeztutako beste zortzi hautagaietatik zazpik osatuko dute zerrenda: Jose Ignacio Vicente, Bego Juaristi, Desiree Ortiz de Urbina, Angela Verdejo, Loli Lozano, Mari Jose Mendez eta Xose Anton Cambeiro. Izan ere, Juan Antonio Ortiz de Urbinak uko egin zion listan joateari, udaltzaina izanda lan-utzialdia eskatu beharko zuelako zinegotzi aterata. Hala ere, Esnatu Leioagaz elkarlanean jarraituko du, hautesle zerrendako iturriek adierazi dutenez. Hautagai-zerrenda betetzeko gainontzeko izenak martitzeneko batzarrean aukeratu zituzten. Denera, 24 izan behar dira hiru ordezkoak barne, Leioako Udalbatzak 21 zinegotzi dituelako.

Alkategaiaren profila

Ruben Belandia Fradejas Basaurin jaio zen 1961an eta 1988tik bizi da Leioan. Geografia eta Historian lizentziatua eta Lan arriskuen prebentziorako goi mailako tituluduna da. Gaur egun, bibliotekaria da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako campusean. 1983tik ezkonduta dago eta 24 urteko semea eta 20 urteko alaba dauzka.

Urte luzeetan STEILAS sindikatuko ordezkaria izan da, eta garai batean sindikatuko Lan Osasun arloko arduraduna. Dioenez, bere bizitza osoan parte hartu izan du borroka sozial eta politikoetan. Ahal Dugu (Podemos) alderdiko kidea da hasiera-hasieratik; eta www.fueralacasta.org ustelkeriaren kontrako mugimenduan parte hartzen du.
 
Lehenengo proposamenak
 
Hauteskundeen ostean udaletxean aurkeztu gura dituzten proposamenei dagokienez, lehenik eta behin, Udalbatzaren bilera berezia eskatuko dute, Leioako Langabetuen Asanbladak 2013an udaletxean aurkeztu zituen 15 proposamenak aurkezteko. Belandiak gogoratu duenez, Leioan 2.247 langabetu daude. Bestalde, umeentzako UDA programa "nabarmen" zabaltzea eskatuko dute, umeek eskoletan dituzten oporraldi denak betetzeko eta jantoki zerbitzua eskaintzeko. Esleipena familien errentaren arabera egitea eskatuko dute. Udaletxeko gastu eta kontratuen auditoretza egitea ere proposatuko dute, lagunkeria ekiditeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun