Hezkuntza  Leioa 2016-01-22 13:35

Aldundiaren arabera, "txartel berririk ez da behar" campusera autobusez joateko

"Ikasleentzako urteko txartel baten abantailak Gazte Bizkaibus tituluak eskaintzen ditu", Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru-diputatuak adierazi duenez. Halaber, sailaren helburua ei da "txartel bakarra sortzea eta tarifak bateratzea". Ahal Dugu (Podemos) batzarkide-taldeak eskatuta egin du agerraldia Reyesek, Bizkaiko Batzar Nagusien garraioen arloko batzordean. Metro Bilbao zein Euskotrenen ereduari jarraituz, besteak beste, Leioako campusera joateko, Gazte Txartelak eta hileko zein urteko abonuak sortu beharko liratekeela uste dute Pablo Iglesiasen alderdikoek; "Hirukotrans zein Gizatrans txartelei jarraiki, tarifa bateratu bat sortu beharko litzateke, diotenez. Hori eskatzeko, sinadura-bilketa abiatu dute Change.org plataforman.

Aldundiaren arabera, "txartel berririk ez da behar" campusera autobusez joateko
Bizkaibus autobus bat. © EHU | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egun dagoen Gazte Bizkaibus txartela hileko txartel bat da, 26 urtetik beherako gazteentzat (ikasleak izan zein ez), eta gura adina bidaia egiteko aukera ematen du. %50 baino gehiago aurrezten omen da Barik Creditrans txartelagaz alderatuta. Aurrezki hori handiagoa da familia ugarien kasuan.

Foru-diputatuak emandako datuen arabera, "iazko azaroan Gazte Bizkaibus txartela EHUko Leioako campusera doazen lineetan erabili zen gehien bat". Linea horietan %20tik gorako eragina dauka txartel horrek, bidaiari-kopuru osoa kontuan hartuta, Reyesek dioenez. Unibertsitate horretara ez doazen, baina beste unibertsitate batzuetatik pasatzen diren lineetan (Ingeniaritza Eskola, Deustukoa, eta abar), berriz, % 5ekoa da kuota hori. Diputatuak berbetan, "ezin da zehaztu" Gazte Bizkaibus txartelaren erabiltzaileetatik zenbat ez diren ikasleak; baina, udako datuak ikusita (ekainean eta uztailean ia ez da erabiltzen), esan daiteke beste kolektibo batzuek oso gutxi erabiltzen dutela.

Gazte Bizkaibus txartelaren erabilera ondoko garaietan murrizten dela ziurtatu du foru-arduradunak: urtarrilean, eskola-egun gutxiago dituelako eta azterketa garaia delako; apirilean, Aste Santuagatik; maiatzean, azterketengatik, eta abenduan (erabilera erdira jaisten da). "Beraz, denera, sei hilabetetan titulua ez da erabiltzen edo oso gutxi erabiltzen da", aipatu du Reyesek.

Esandakoa kontuan hartuta, Gazte Bizkaibus txartelak "gazteentzako urteko txartel batek betetzen dituen beharrizan ia guztiak betetzen dituela ondorioztatu ahal dela" adierazi du; "ez dagoela beharrizan nabarmenik tarifak bateratzen direnean eta txartel bakarra ezartzen denean bere lekua izango duten lanak aurreratzeko", gaineratu duenez.

Ahal Dugu taldeak egindako galderak oinarrian duen Change.org webgunean agertutako erantzunari dagokionez, Vicente Reyesek berretsi du irizpidea dela prezio bera ordaintzea Bizkaiko lurralde historikoaren barruan ibilbide bera egiten denean, erabiltzen den garraiobidea kontuan hartu barik: metroa, Bizkaibus, tranbia edo trena. Eta esan du horretan dabiltzala lanean legegintzaldi honetan; hau da, tarifak bateratzeko eta txartel bakarra sortzeko, baita dauden operadore denak bilduko dituen eta lurralde osoan garraio politika bateratu bat gauzatzeko aukera emango duen Bizkaiko Mugikortasuneko Agintaritza Bakarra sortzeko ere.

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru-diputatuak azaldu duenez, "ez dauka zentzurik aldaketa partzialak eta isolatuak sartzea garraiobideetan, helburua ikuspegi global eta koordinatu bat lortzea denean". Hala ere, premiazkoa balitz kontuan hartzeko gaia izan litzatekeela erantsi du; "baina, datuen arabera, ez dela hala".

Autobus-lineak

Bizkaibusek EHUra joateko egunero ematen duen zerbitzuari dagokionez, Reyesek gogorarazi du, hasi berri den ikasturtean, lurraldeko eskualde denetatik abiatzen diren Bizkaibuseko 24 linea iristen direla eskola-egunetan EHUko campusera; 13.000 pertsona baino gehiago garraiatzen dituzte (joaneko eta itzulerako bidaiak zenbatuta) edo, beste era batera esanda, egunero, 6.500 bidaiari mugitzen dituzte. Campusera doazen pertsona bitatik batek Bizkaibus erabiltzen du hara joateko.

Martxan jarritako azken bi linea berriak Balmaseda-EHU eta A2166 Uribe Kosta-EHU lineak dira; 2014-2015 ikasturtetik daude martxan. 2016. urtean, handitu egin da Termibusetik EHUra doan linearen maiztasuna. 30 minuturik behin pasatzen zen, eta orain 20 minuturik behin.

Azkenik, 30 autobus baino gehiago erabiltzen dira puntako orduan zerbitzu hau emateko; gehienak plaza gehiago dituzten autobusak dira, artikulatuak eta 15 metrokoak. Reyesek adierazi du, datu hauei esker, gaiari buruzko informazio gehiago dagoela eta zehatzago ezagutu ahal dela Leioako campuseko ikasle eta langile denei "zerbitzurik onena emateko Bizkaibusek egiten duen ahalegina".

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Erantzuna | #1

Reyesek azaldu beharko lukeena da ia zergatik hilabeteko abonoa gazteetara murrizten duen. Nagusiak lanera kotxez joan behar dira ala?
Abonua egiteko Bizkaian erroldatuta egon behar izateak ere ez dauka zentzurik, abonu horrek ikasleei zerbitzua emon gura badie.
Abonu honen helburu bakarra ez zen izango ba joan den urteko hauteskundeetan boza gehiago lortzea?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa