Elkarrizketak

Olatz Barrenetxea Larrondo: "Nortasuna suntsitzea du helburu torturak"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko ots. 5a, 17:33
Besteak beste, Kultur Leioan eta Kurkudi herriko tabernan jaso daitezke estreinaldira joateko gonbidapenak.

Olatz Barrenetxea Larrondo psikologo sopeloztarrak Erika Bilbao Barcenak salatutako torturez berba egiten du "Atera gabeko arantzak, garbitu gabeko zauriak" dokumentalean; Leioa Libre ekimenak otsailaren 11n estreinatuko du, 19:30ean, Kultur Leioan. Maiatzaren 17an hasiko da leioaztarraren kontrako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean; Ekin erakundeko kidea izatea egotzita, 9 urteko espetxe-zigorra eskatzen dute. "Guardia Zibilaren eskuetan tortura basatiak" jasan zituela salatu zuen Bilbaok.

Zein da dokumentalaren helburua?

Torturak dauzkan arantzak zauri batzuk sortzen ditu barrualdean; horiek garbitzeko behar den prozeduraz hitz egitea da dokumentalaren helburua. Torturak pertsonengan dauzkan eraginak tabu izan dira historikoki; horrekin apurtu nahi dugu. Izan ere, eragin horiei buruz hitz egiteak zauriak osatzen laguntzen du.

'Tortura' berba aipatzen denean, zeri buruz ari gara?

Batetik, deklarazio polizialak lortzea da torturaren helburua; bai zure burua erruduntzat jotzeko, bai besteren bat erruduna izatea leporatzeko. Baina, ez hori bakarrik. Torturaren metodologia bera eta atxiloketa-orduak zelan joan diren ikusita, pertsonaren identitate militante, soziala eta pertsonala apurtzea bilatzen dute horrelako praktikek.

Zein ondorio izan ditzake torturak?

Ondorio asko daude; sintoma traumatikoak izaten dira askotan: amesgaiztoak, babesgabetasun-sentsazioa, barru-barruan sartutako beldurra... Torturatutako lagun asko urduri jartzen da ateen zaratak, tinbreak, telefono-deiak edo oihuak entzutean; hilabeteak irauten duten sintomak dira, baina denboraren poderioz, murriztu eta horietako batzuk desagertu ere egiten dira.

Horiez gain, identitatean eta bizitzarekiko balioetan aldaketak egoten dira: lehen, pertsona ausarta zenak, gero, segurtasun-falta sumatzea; afektibitate-mailan mesfidantzak eta beldurrak izatea; alai egoteko arazoak izatea... Identitatearen eta pertsonalitatearen ezaugarri batzuk aldatu egiten dira askotan; Erikak ondoko esaldia aipatzen du: "Ni ez naiz 2010eko irailaren 14an oheratu zen emakume hura".

Salatzea ere beharrezkotzat duzue.

Torturaren ondorioak gainditzeko beharrezkoa da bizi izandakoa azaleraztea, baita tortura horiek salatzea ere. Batzuek ez dute epailearen aurrean salatu, ausartu ez direlako edo pentsatzen dutelako ez duela merezi. Hala ere, salaketa judizialarekin batera, salaketa soziala joan behar da; hori da dokumentalaren helburua. Tortura zer den eta zer eragin daukan gizarteratzea salaketa-modu bat ere bada; ez bakarrik epaitegietara jotzea.

Gauza biak dira beharrezkoak. Torturak jasan dituzten lagunek urteetan gertatutako horien aitormena beharrezkoa dute; horrek sortzen dien mina eta torturek eragindako trauma gainditzeko.

Orain arte zelako emaitzak eman ditu salaketak?

Salaketa judizialak oso gutxi; normalean artxibatu egiten dira. Gizarte-mailako salaketari dagokionez, orain ari zaio arreta jartzen torturak pertsonengan daukan eraginari. Izan ere, torturak pertsonengan zer min sortzen duen ulertaraztea lortzen badugu, norbanakoen arteko elkartasuna eta hurbiltasuna lantzeko aukera egongo da; horrela bada, torturaren kontrako erantzun bat emango da. Horretarako, pedagogia apur bat beharrezkoa da; horretan gabiltza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun