Hutsik dauden lokalak saltokien erakusleiho bihurtu gura dituzte Leioan

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 20a, 12:00

Lanbideren bitartez sortutako obra-brigada berri bat hutsik dauden lonjak atontzen dabil Leioan; izan ere, aipatutako lokalen ikusgarritasuna hobetu gura du Udalak. Besteak beste, erakusleihoa ipiniko diete, alokatzeko aukera gehiago izan dezaten. Agintari leioaztarrek azaldu dutenez, udalerrian dauden merkataritza-establezimenduei eskaini gura dizkiete atondutako lokalak. Hala ere, bertan ez litzateke salerosketarik egingo; dendek salgai dauzkaten produktuak ikusgai baino ez lirateke jarriko. 

"Erakusleiho handi bilakatu nahi ditugu kaleak, modaren, osagarrien, dekorazioaren, eta abarren aldeko apustua eginez", zehaztu dute. Gaur egun, udal jabegokoak diren lonjetan dabiltza lanean. Hala ere, daborduko lokal pribatuen ugazabakaz ere harremanetan hasi dira.

Enpresa-mintegia

Martxoaren 10era arte, Ibaiondoko enpresen udal mintegian leku bat eskatzeko aukera egongo da. Esleipena urte birako izango da hasiera batean, alokairuan, erosteko aukera barik. Hala ere, adjudikaziodun enpresak epea, gehienez, urtebete luzatzea eska dezake, esleipenaren azken bi hilabeteetan. Esleipen-prozesua eta funtzionamendua arautzen dituzten oinarriak Udalaren eta Behargintzaren webguneetan daude eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun