Elkarrizketak

Artedrama: "Euskarazko arte eszenikoen munduan, irla txikia sortu dugu Leioan"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko ots. 29a, 10:41
Xabino Alkortak, Iasone Paradak, Irantzu Azpeitiak eta Ander Lipusek osatzen dute Artedrama.

Artedrama arte eszenikoen plataformak Kultur Leioan dauka egoitza 2012tik. Ander Lipusek eta Xabino Alkortak sortu zuten 2007ko udan; gero batu zitzaizkien Iasone Parada eta Irantzu Azpeitia. Euskarazko sorkuntza sustatzea da euren helburuetako bat. Ildo horretan, otsailaren 25etik 28ra Kultur Maratila jaialdiaren bosgarren edizioa egin zuten Kultur Leioan bertan.

Zelan sortu zen Artedrama?

Xabino Alkorta: Artedrama 2007ko udaran sortu zen, krisiarekin bat.

Ander Lipus: Kar, kar. Egia da. Gure aldetik, krisia eduki genuen, eta mundu osoan krisialdia egon zen.
Xabino eta biok elkarrekin lanean arituak ginen Antzerkiola Imaginarioan, baina horrek ez zuen gehiagorako ematen; ez zen bideragarria Antzerkiolaren filosofiarekin jarraitzea, aktorez eta ametsez beteriko konpainia izan arren. Ematen zuen bide artistikoa nahiko argi geneukala. Hala ere, bazirudien ez geniola behar bezalako garrantzia ematen alde administratiboari eta produkzioari. Estruktura bat eraikitzea beharrezkoa zen.

Plataforma horrek sostengatuko zituen proiektu artistiko ezberdinak, ez bakarrik sorkuntza, baita formakuntza edo koprodukzioak ere. Ez zen antzerki-talde soil bat; arte eszenikoetara zuzendutako plataforma sortu nahi genuen.

Sortu bezain laster hasi zineten bidea zabaltzen.

A.L.: Bidea gehiago zabaldu nahi genuen euskarazko arte eszenikoetan. Gauzak horrela, oso argi ikusi genuen Ipar Euskal Herriko eragileekin eta taldeekin elkartrukean aritzeko beharra.

X.B.: Formulazioa guztiz berria zen. Batetik, euskaraz egiteko hautuak erabat markatu du Artedrama. Bestalde, euskarriak izatearen kontzeptu horrek eraman gaitu zubiak eraikitzera, askotan inongo estruktura zehatzik gabe, pentsatzen genuelako askoz naturalagoa eta eraginkorragoa izango zela. Esaterako, Ipar Euskal Herriarekin zubi bat zabaltzen genuenean, horren atzean ez genuen egiten estruktura edo elkarte bat; proiektua eta ekintza baizik. Oso pixkana hasi ginen pausoak ematen; baina txikiak izan arren, sendoak ziren pauso horiek.

Artedramaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremana oparoa izan da.

A.L.: Ipar Euskal Herria ezagutzeko aukera izan dugu; beti hartzen dugu figura sinboliko bat bezala, baina badauzka bere berezitasunak. Alde batetik, probintziaka hartzen badugu, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoaren artean ezberdintasunak daude: talde eta bizipen ezberdinez ari gara. Ezagutzen dugun Ipar Euskal Herri folkloriko horretaz gain, urteen poderioz bertako jendearekin harremanetan jartzea lortu dugu; hori izan da garrantzitsuena guretzat. Bide horretan, oso proiektu ezberdinak egin ditugu: Ostibarreko antzerki-taldeak batu eta Piarres Larzabalen (Azkaine, 1915 - Ziburu, 1988) "Ibaiñeta" bat egin genuen; "Hazparneko anderea" Lapurdiko Eguzkilore taldearekin antzeztu genuen, bertoko jende ezberdinarekin bilduz; Zuberoan Mixel Etxekopar (Gotaine-Irabarne, 1963) eta Xiru jaialdiarekin elkarlanean aritu gara... Errealitate ezberdinak ezagutu ditugu eta, horren barruan, oso garrantzitsua izan da, besteak beste, Le Petit Teatre de Pain taldeko Fuchs anaiak ezagutu eta eurekin koprodukzioak egin izana. Eurengandik pilo bat ikasi dugu; hasten joan den gauza bat da, baina guk modu naturalean sortutako bideetatik. Pertsona arruntak, bertoko laborariak... ere ezagutu izan ditugu; plazera sentitu dute eurek gu antzezten ikustean, eta guk eurekin aritzean.

Zer emaitza eduki zuen 2007an Aulestiko Udalagaz izenpetutako hitzarmenak?

A.L.: Gu zerotik hasi ginen. Horrek esan nahi du ez geneukala lokalik, ezta dirurik ere; ez genuela ezer ere. Hala, hasi ginen begiratzen Euskal Herri osoan, non topa genezakeen etxe bat; gure proiektuak bideratzeko egoitza bat behar genuen. Kasualitatez, ni Markinakoa izanda, ondoko herrian aurkitu nituen lagun ziezaguketen elkartea eta hainbat lagun, alkatea buru; antzerkiak zentzua zuen Aulestiko pertsona horientzat.

Besteak beste, formakuntzarako espazioa behar genuen; ideia horretatik sortu zen ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL). Baina ez hori bakarrik. Hamar urte dira jada bertoko ikastetxean antzerki-eskolak ematen dizkiedala haurrei; lokala ere badaukat. Bestalde, herritarrekin egin izan ditut tailerrak. Aulesti irla bat da euskal antzerkigintzan; antzerkia bertan egiten delako ezagutzen du ofizioko jende askok.

Hala ere, Aulestin gauzatzen dugun egitasmorik garrantzitsuena da Pazko Astean astebetez egiten dugun formakuntza ikastaroa, euskaraz; ADEL topaketetan, Euskal Herriko ikasle eta irakasle guztiek parte har dezakete. Horrekin batera, herriari zein eskualdeari begira, arte eszenikoen jaialdi aparta egiten dugu; nabarmentzekoa da gaztetxeko lagunak, eta, oro har, herritar guztiak zelan parte hartzen duten. Aurten, 11. edizioa beteko du ADELek, martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean. Izena emateko aukera dago.

X.B.: Hor ere txiki-txikian hasi ginen; oso gutxika. Aulestin, erraztasun handiak ematen zizkiguten agintariak topatu genituen; eskaera gehienei baiezko batekin erantzuten zieten. Horrek guztiak ematen du aukera bat proiektuak garatzeko, ezagutzen duzulako herritarren jarrera egitasmo horrekiko. Herritarren konplizitate eta inplikaziorik gabe ez zen posible izango 11 urte bete dituen elkarlanari eustea.

Beranduago, 2012an, heldu zen Kultur Leioagaz izenpetutako hitzarmena. Zein emaitza ekarri du?

X.B.: Ipar Euskal Herriko antzerki-talde amateurrekin, profesionalekin eta hango estruktura publikoekin zubiak eraikiz, ikasi eta ikusi genuen formula horiek egonkorrak direla; antzerki-talde batek antzoki batean izan behar du egoitza. Hori dela-eta, bide hori garatzen egon ginen Artedramaren hasierako urteetan; 2012an lortu genuen hitzarmen bat sinatzea Kultur Leioarekin. Erakunde leioaztarrak ateak zabaldu zizkigun, eta Artedramak kanpamendu nagusia kokatu zuen bertan.

Hitzarmen horretatik hainbat proiektu bideratu ditugu elkarrekin; baina, zalantzarik gabe, elkarlanean gauzatu dugun ekintza nagusia Kultur Maratila da. Otsailaren 25etik 28ra izan da aurten; euskarazko arte eszenikoei bideratutako lau egun.

Antzerki-taldeentzat ez da erraza aterpea aurkitzea, ezta?

A.L.: Kultur Leioan sartu ginenean, argi geneukan nondik gentozen, eta zer bultzatu nahi genuen; haize berri hori ekarri nahi genuen kultur areto leioaztarrera. Toki askotan egon ginen begiratzen, eta, momentu horretan, Kultur Leioa iruditu zitzaigun egokiena; batez ere baiezkoa jaso genuelako. Ez da erraza bere azpiegiturak eskaintzen dizkizun antzoki bat aurkitzea! Horrez gainera, gure ustez, hala beharko luke izan toki guztietan. Ezin da ulertu futbol-zelai bat egotea, eta bertako taldeak futbolean jokatu ezin izatea bertan. Filosofia hori aldatu beharra dago; Ipar Euskal Herrian ikasitako egitura horiek mugaren bestaldera ekar zitezkeela ikusi genuen guk.

Bost urte bete ditu aurten Kultur Maratilak. Zelako ibilaldia izan da?

A.L.: Pozik gaude; izan ere, zenbakietan sinistuko bagenu, oso positibotzat joko genuke Kultur Maratilaren bilakaera. Lehenengo urtean, oker ez banago, "Ornitorrinkus" antzezlana eskaini zuten Maialen Lujanbiok, Judith Monterok eta Xabier Erkiziak; saio horretan hiru ikusle baino ez ziren egon. Zentzu horretan, zenbakiek gora egin dute azken urteotan; ehunetik gora ikusle bageneuzkan iaz. Beraz, esan daiteke jaialdia pixka bat egonkortu dela, edo euskarazko arte eszenikoen munduan, Leioan ere irla txiki bat sortu dugula.

Guretzat garrantzitsua zen Kultur Leioak euskarazko sorkuntzari bere espazioa eta indarra ematea; uste genuen sorkuntza-lan isolatuak eskaini barik, interesgarriagoa zela arte diziplina ezberdinak elkarrekin dantzatzen duten egun batzuetako egitaraua prestatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun