Elkarrizketak

Aritz Mugerza Horas: "Amarrua erabili dut Mendibile ikusarazteko"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko mar. 14a, 10:29

Aritz Mugerza Horas artistaren "Mahatsa bizirik" irudiak jantziko du Leioako Mendibile jauregiko sarrerako horma, aurtengo lehiaketa irabazi ostean. Dozena bat proposamenen artean, Deustuko margolariak aurkeztutakoa aukeratu du epaimahaiak, horma-irudien lehiaketaren bigarren edizioan; bilbotarra apirilean hasiko da murala margotzen.

Pozik hartuko zenuen lehiaketa irabazi izana, ezta?

Bai, noski! Aurkeztu nintzenean argi neukan proposamen gehiago egongo zirela; beti pentsatu izan dut besteen proposamenak nireak baino hobeak direla. Oraingoan, nirea aukeratu dute aurkeztutakoen artean.

Pablo Astrainek iaz egindako lanaren jarraipena da zuk aurkeztutakoa?

Laguna daukat Pablo getxoztarra; "Aztarna" muralarekin irabazi zuen berak Mendibile Jauregiak antolatutako lehenengo lehiaketa; ondoko horma pintatzea egokitu zait niri. Hala, teknikari dagokionez, jarraikortasun bat eman nahi izan diot Astrainen lanari, tonalitateei eta irudien trataerari dagokienez, gehienbat.

Hala ere, hainbat berrikuntza sartu dituzu zure lanean.

Bai. Sarrerako eskaileren alboko horma margotu behar dut nik. Lehenik eta behin, amarru bat erabiltzea pentsatu nuen, jauregia ikusgarriago egiteko. Horma horrek nahikotxo estaltzen du eraikina. Hori dela-eta, etxearen aurrealdearen zuri koloreak eta leihoek horma horretan isla eduki behar zutela erabaki nuen. Bestalde, eskailerak mahastia balira bezala imajinatu nituen.  

Akabera bitxia emango diozu zure horma-irudiari, orduan.

Horrela da. Paul Cezanne-ren "Karta-jokalariak" koadroan oinarritu naiz nire horma-irudiaren amaierako zatirako. Artelan horretan, bi lagun agertzen dira kartetan, mahaigainean ardo botila bat daukatela. Mahatsaren jaiotza eskaileretako mahastian egongo litzateke; eta heriotza, ardo bilakatuta, gizon horien eztarrian barrena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun