Elkarrizketak

Gorka Salces Alcalde: "Gertuko albisteak lehenesten dituzte euskaldunek"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko eka. 2a, 12:53

Gorka Salces Alcalde ikerlari portugaletetarrak "Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa" izenburuko tesia aurkeztu du oraintsu EHUn. Euren publiko potentziala hobeto ezagutzen eta estrategia berriak jorratzen lagun diezaieke ikerketak euskarazko komunikabideei.

Laburbilduz, zer aztertu duzu ikerlan honetan?
Ikerketak bi zati nagusi ditu. Izenburuak berak esaten duen moduan, euskaldunek komunikabideen aurrean dituzten iritziak, ohiturak eta jarrerak biltzea zen gure asmoa. Lehenik eta behin, alde kualitatibo batetik egin dugu ikerketa: jendearekin hitz egin, eta banan-banan sakoneko elkarrizketak egin ditugu Euskal Herri osoan. Alde kuantitatiboari dagokionez, sakabanatuta zeuden euskaldunen kontsumoaren inguruko audientzia-neurketa guztiak biltzen eta sistematizatzen ibili gara.

Zer lortu gura zenuen horregaz guztiagaz?
Esan dezakegu aipatutako bi bide horietako bakoitzak bazeukala bere helburua. Nolabait esatearren, tesiak hiru helburu zehatz zituen: alde batetik, iritzi, ohitura eta jarrera horiek azaleratu nahi genituen; hau da, maila diskurtsiboago batean ikusi gura genuen euskaldunek hedabideen kontsumoari buruz zer pentsatzen duten, nola egiten duten, eta, batez ere, euskarazkoen inguruan zer-nolako erabilera eta sentsazioak dituzten. Hori guztia bide kualitatibotik egin dugu. Beste alde batetik, bide kuantitatibotik lortu nahi genuen helburu bat bazegoen: datuen analisia egin gura genuen, nahiz eta gero, gehienbat, datuen bilketan gelditu garen. Ez da batere erraza izan horiek guztiak analizatzea; izan ere, datuen sistematizazio-falta ikaragarria dago. Herrialdea banatuta dago zentzu guztietan; estatistikak horren isla baino ez dira. Besatlde, hirugarren helburua izango litzateke berrikusketa bibliografikoaren bitartez egin duguna; euskarazko komunikabideen inguruan sortu den literatura guztia Europako beste hizkuntza gutxituen inguruan sortutakoarekin alderatu nahi genuen. Ikusi gura genuen bai haientzat, bai guretzat, aberasgarria izan zitekeen zeozer ateratzeko aukera geneukan.

Erraza izan da ikerketa-lana aurrera ateratzea?
Datu-bilketa edo estatistiken bilketari dagokionez, bihotzarekin eta ahalegin handiz egindako lana izan dela esan dezakegu. Adibide bat jartzearren, Ipar Euskal Herrian jendearen etxera ere joan behar izan dut datuak bilatzera; horrek argi eta garbi adierazten du zein puntutaraino garen banatutako herri bat. Geure buruari buruz hitz egiteko ere, zailtasunak aurkitzen ditugu, alde horretatik. Elkarrizketak egiteko, adin, sexu, hizkuntza-gaitasun eta bizileku ezberdinetako euskaldunekin hitz egiten ahalegindu nintzen; nahi nuen laginak islatzea euskaldunen baitan dagoen askotarikotasuna. Oso aberasgarria izan da Euskal Herri osotik ibili ahal izatea, gora eta behera, jendearekin hitz eginez.

Zeintzuk izan dira ateratako ondorio nagusiak?
Ondorio nagusiei buruz luze hitz egin genezake. Baina, bi nabarmenenak aipatzearren: alde batetik, esango nuke euskarazko hedabideen erabilera-maila ez duela baldintzatzen bakarrik hiztun horrek daukan inguruneak. Hau da, inguruko hiztun euskaldunen dentsitateak ez du berez azaltzen zer kontsumo-maila dagoen eskualde batean edo bestean, aintzat hartzeko moduko faktorea izan arren. Bestelako faktore batzuk kontuan hartu beharrekoak dira. Alde batetik, euskarazko hedabideen eskaintzaren osotasunari erreparatu behar zaio. Bestetik, hiztun horren identitatea, hizkuntza-gaitasuna eta gertuko harreman-sarea ere aintzat hartu beharrekoak dira. Beste ondorioetako bat da guk geuk egindako neurketak behar ditugula; euskarazko hedabide guztiak, kontsumoaren alde kualitatiboa eta interakzio digital guztiak kontuan hartuko dituzten neurketak, alegia.  

Euskaldunen hizkuntza-gaitasunak eragina dauka.
Hizkuntza-gaitasunak daukan eragina oso nabarmena da. Alde batetik, ulergarritasunarekiko pertzepzioa eta euskarazko hedabideekiko iritzia aldatzen dira. Euskarriak ere badauka bere eragina horretan; euskarri batean edo bestean hedabide horrek zabaltzen duen edukiak ere garrantzia dauka. Baina, hori ere oso lotuta dago hizkuntza-gaitasunarekin. Adibideetara joz, Berria egunkariak oso hizkera zaila erabiltzen duela esateko ohitura euskara gutxiago erabiltzen eta hizkuntza-gaitasuna mugatuagoa dutenen artean antzeman dugu. Irratiarekin eta telebistarekin, berriz, argi ikusten da hizkuntza-gaitasuna txikia izanda ere, euskarri horietan erabiltzen den euskara errazagoa dela esaten duela hainbatek.

Erdarazko komunikabideek eragina daukate euskaldunek zein hedabide kontsumitu erabakitzeko?
Bai. Hori da beste ondorioetako bat. Datuak bildu eta ahal izan dugun punturaino sistematizatu ditugun arren, argi eta garbi baiezta daiteke erdarazko komunikabideek menperatzen dutela Hego Euskal Herriko panorama mediatikoa; kontsumoaren zatirik handiena eurei dagokie, baita euskaldunen artekoa ere. Askotan kontuan hartu behar dugu euskaldun diogunean erdalduna badela komunitate bateko kide, euskaldunok errealitate horretan «subsumituta» gaude; mundu biak dauzkagu inguruan. Erdarazko komunikabideek eragin oso handia daukate euskaldunek zein hedabide kontsumitu erabakitzeko orduan.

Zer egin beharko litzateke oreka bermatzeko?
Hasteko, ondo legoke ikustea benetan zein den euskaldunen soslaia eta ulertzea euskara lehen hizkuntza duten hiztunek proportzio gero eta txikiagoa hartzen dutela komunitatearen baitan. Horretara egokitzea funtsezkoa da. Baina, bestetik, ezin da ezkutatu erakundeek daukaten erantzukizuna. Esaterako, aurreko batean Gipuzkoako Foru Aldundiak erdira jaitsi zuen euskarazko komunikabideetan jarriko zuen publizitate instituzionalaren kopurua. Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin ere ika-mika ugari egon da azkenaldian diru publikoa banatzek0 irizpideen inguruan. Ondo pentsatu beharko lukete tresna horiek hizkuntza berdintasuna bermatzeko erabiliko diren, edo, besterik gabe, beste helburu batzuetarako erabiliko dituzten.

Gaur egun, zer etorkizun ikusten diezu euskarazko hedabideei?
Perspektiba apur bat eduki beharra dago. Duela 30 urteko errealitatea eta gaur egungoa alderatuz gero, komunikabideetan askoz gehiago egin da aurrera, kalean baino; euskarazko komunikabideek garabide nabarmenagoak eduki dituzte, hizkuntzak berak baino. Zentzu horretan, euskarazko komunikabideen etorkizuna positibotzat jotzen dut. Ikusi behar da aktoreen tamaina zelakoa den, eta zeintzuk diren bete gabeko hutsuneak; izan ere, tokiko prentsari dagokionez, badaude oraindik geografikoki estali gabeko eremu zabalak. Baina, oro har, nik esango nuke hobera doala egoera. Aldi berean, nabarmendu beharrekoa da hori horrela dela kazetari askoren lan militantea hor egon delako. Behar beste ordaindu gabeko lanarekin aurrera ateratako proiektuak izan dira; hori guztia gainditzeko beharra dago. Euskalgintza osoan eman den ziklo boluntarista hori gainditu, eta profesionalizaziora jo behar dugu; gomendagarria izateaz gainera, seinalerik onena litzateke hori. Horretarako, dirua beharko litzateke; erakundeek bere erantzukizuna daukate.

Tokiko hedabideei dagokienez, zer iritzi daukate elkarrizketatutako lagunek?
Gauza deigarrienetako bat iruditu zait elkarrizketatuek tokiko albisteak lehenesten dituztela; eurentzat gertutasuna da gehien balioesten duten ezaugarrietako bat komunikabide batean. Egunerokotasunean eragiten duten albisteak nahi dituzte; haiek albiste horietan eragin dezaketela ere sentitu nahi dute. Beraz, hori bada kontuan hartzeko iritzia tokikoentzat. Hala ere, eskakizun-maila baxuagoa dago tokiko hedabideekin; erabiltzaileak kontziente dira baliabide gutxiago dauzkatela komunikabide horiek. Uste dute ez dela onargarria baliabideak gainditzen dituen lan bat eskatzea.

Euskarazkoei buruz ari garenean, tokiko prentsak hizkera errazagoa eskaintzen duela sentitzen dute elkarrizketatuek. Askotan, lotuta agertu da albisteen gaiarekin; hau da, nazio-mailako prentsan jorratzen diren gaiak eta tokikoetan agertzen direnak ezberdinak dira, eta horregatik ulergarriagoak egiten zaizkie. Euskarazko prentsa dagoen toki horietan erreferentzialtasuna lortzeko errazagoa daukate tokiko hedabideek, nazio-mailako prentsak baino. Gero, hori guztia, ekonomikoki islatzen den ala ez, gai ezberdina da.

Lerratze politikoari dagokionez, neutraltasuna aipatzen da askotan.
Neutraltasunaren ideia ez da neutrala, noski. Pertzepzio horretan asko eragiten du presentzia publikoak; egunkari berak lortzen badu tabernen %95ean egotea, horrek normaltasunaren ideian eragiten du. Euskarazkoei buruz ari bagara, pertzepzioa da horiek abertzaleak direla. Gainera, askotan nahasmenduak eragiten ditu horrek; besterik gabe abertzaleak direnak euskarazkotzat ere jotzen dira. Hizkuntza menpeko elementu gisa geratzen da kasu horietan; askotan, erdarazko hedabide abertzaleei buruz erantzuten digute, euskarazkoei buruz galdetzen diegunean.

Eta bereziki tokiko komunikabideen etorkizunaz zer uste duzu?
Aurrerapauso nabarmenak egin dituzte azken aldian horiek guztiek, arnas-gune tradizionaletatik kanpo. Dinamika hori elikatzea positiboa litzatekeela uste dut, milaka eta milaka euskaldun dagoelako erdaldunagoak diren eskualde horietan. Positiboa izan nahi dut; pentsatu nahi dut aurrerapausoak emateko esparru gehien tokiko proiektuetan dagoela. Ikusiko ditugu aurrerapauso horiek...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun