Elkarrizketak

Naroa Jauregizuria Lopategi: "Elkarri laguntzeko bideak aztertu beharko genituzke"

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 9a, 11:10
Soziologoa eta erakundeetako komunikazioan aditua da Naroa Jauregizuria.

Naroa Jauregizuria Lopategi leioaztarrak Euskal Herria markaren gaineko ikastaroa antolatu du, UEU Udako Euskal Unibertsitateagaz batera. Ekainaren 28an, "Euskal Herria markaz eta markagintzaz. Nazio-garapena, berrikuntza eta parte-hartzea oinarri" izeneko sei orduko jardunaldia egingo dute Iruñean, UEUk antolatutako udako ikastaroen barruan. Ekainaren 19ra arte izena eman daiteke.

Zer da nazio-marka?
Nazio-marka nazioaren isla da. Nazioak berak sortzen du irudia, bere balio eta jardunaren bitartez; ildo berean, aldeko zein kontrako testuinguruak eta konpetentziak ezaugarritzen dute nazio-marka. Informazio-bonbardaketa nagusi den momentu honetan, marka bidezidor bat da nazioaren eta barneko zein kanpoko interes-taldeen artean; ideiak lotzen ditu, eta pertzepzio esanguratsu eta egituratu bat sortzen du.

Zertarako balio du nazio-markak?
Nazio-markak nazioaren balioa sintetizatzen du, eta interes-taldeei eskaintzen die: ondoriozko konexio bat eraikitzen du (edo ez), eta trukean, balio bat jasotzen du; ekonomikoa, politikoa, soziala edo kulturala izan daiteke balio hori. Nazioartean, ekonomia-mailan (made in eta horrelakoak) ez ezik, diplomazia publikoan eta nazio-garapenean ere erabiltzen dira nazio-markak.

Zein izango litzateke horren guztiorren adibidea?
Ni ez naiz inoiz Brasilen egon; baina, herrialde horri buruz dauzkadan erreferentziek, jasotako telebista-albisteek, ikasitakoak, lagunek kontatutakoek, entzundako musikak edo ikusitako filmek Brasili buruzko ideia bat sortu dute nire buruan. Horren arabera, herrialdearekiko jarrera bat eta ondoriozko jokaera garatuko ditut.

Horren arabera, zer da markagintza?
Markagintza da daukadan irudi horretan eragiteko erabiltzen diren hainbat marketin-teknika. Hotzean esanda, nazio-markagintza lehiatzeko tresna bat da; interes-taldeen erabakiak bideratzea da bere helburua. Marketin- eta komunikazio-estrategiak erabiliz, nazio-markaren ospean eta posizionamenduan eragiten saiatzen da, nazio-jarduera eta -identitatearen ezaugarri batzuk nabarmenduz eta transmitituz.

Zertan lagun dezake markak Euskal Herriaren nazio-garapenean?
Nazio-markagintza eraginkor baten bidez, Euskal Herriak bere irudia kudeatzeko aukera izango luke, behar propioen araberako balioa eskainiz eta jasoz. Barrura begira, sinergiak sortu, atxikimendua eta parte-hartzea indartu, eta egiten ari den lana eraginkor egiteko balio lezake. Kanpora begira, mundu-mailan ezagutza handitu eta interes-taldeekin balio-trukeak indartzeko zubiak eraikitzen lagun lezake.

Adibidez, egon daiteke sukaldari bat ona dena; baina euskal sukaldaritzak bestelako erreferentzialtasun bat ematen dio horri guziorri.

Gogoeta-saioaren ostean, zein pauso eman beharko lirateke?
Batetik, markoa zehazteko beharra legoke. Bestetik, Euskal Herriaren erreferentziapean marka asko dago; ez bakarrik kontsumo-produktuekin lotutakoak. Dagoena ezagutu beharko genuke, eta apurtxo bat ordenatu; eta, bide batez, elkarri zertan lagundu ahal diogun aztertu.

Ikastaroa

Noiz eta non

  • Ekainak 28, martitzena
  • 09:00-13:00/15:00-17:30 Iruñeko Kondestablearen jauregia.

Matrikularen prezioak

  • Orokorra: 42 euro.
  • Ikasle, langabe eta erretiratuak: 37,80 euro.
  • UEUko bazkideak: 31,50 euro.

Izena emateko epea

  • Ekainaren 19ra arte, UEUren webgunean.

Parte-hartzaileak

  • Gaindegia, Agirre Center, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, PuntuEUS Fundazioa, Gerediaga Elkartea, Labrit Multimedia, Burutu Komunikazio Agentzia eta abar.

Laguntzaileak

  • Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskararen Erakunde Publikoa, Bizkaiko Foru Aldundia eta Iruñeko Udala.

info+: www.ueu.eus

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun