Ikasleen erdiak baino gehiagok ez du gainditu Gizarte Zientziei Aplikaturiko Matematiken azterketa

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 16a, 18:59
Hainbat ikasle azterketa egiten, Leioako campusean. © EHU

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, Gizarte Zientziei Aplikaturiko Matematikak irakasgaiaren azterketara aurkeztu diren 2.798 ikasleetatik 1.325ek (%47,32) gainditu dute; "nolabaiteko polemika" bizi izan da unibertsitatera sartzeko probetako azterketa horren harira. EHUk gaineratutakoaren arabera, "ehuneko hori handitu egin daiteke, horrelako probei hain berezko zaizkien balizko errekurtsoak ez baitira oraindik ebatzi".

Bestalde, Bigarren Hezkuntzako zentroek aurkeztutako kexa-idatziei dagokienez, 50 izan dira denera, EHUk dioenez. "Proba egitera ikasleak bidali dituzten 240 ikastetxeetatik 50ek bidali dituzte", unibertsitateko arduradunek azpimarratu dutenez.

Azterketaren edukiak Batxilergoan irakasten den ikasgaiaren gaitegiagaz "hertsiki bat zetozela" berretsi du Euskal Herriko Unibertsitateak. "Emaitzetan eragina izan du, agian, matematika ariketak gizarte eta ekonomia arloaren testuinguruan planteatu direla, aurreko urteekin konparatuz, batez bestekoa baxuagoa izatea suposatu duena; baina, azpimarratu behar da denetariko emaitzak egon direla", EHUko agintariek diotenez.

Unibertsitatera sartzeko proben emaitzen lehenengo datuak ematerako orduan egin du aipatutako balorazioa EHUk. Zabaldu dutenez, Euskal Herriko Unibertsitatean unibertsitatera sartzeko probetara aurkeztu diren 9.663 ikasletatik 9.460k gainditu dute fase orokorra; hortaz, ikasleen % 97,90 gainditu du.

Hurrengo deialdiak

Notak ikasleak matrikulatu direneko ikastetxeetako ordezkariei eman zaizkie gaur, hilaren 16an, eta EHUren web gunearen bidez (http://www.sarrera.ehu.eus) ere ikusi ahal dira.

Erreklamazioa aurkeztuko edo bigarren zuzenketa eskatzeko epea ekainaren 17tik 21era da. Behin betiko emaitzak uztailaren 2an argitaratuko dira.

Bestalde, hautaproben ezohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an izango da. Deialdi ohikoan gainditu ez dutelako edo kalifikazioa hobetu gura dutelako, deialdi ezohikora aurkeztu gura dutenek berriro matrikulatu behar dute ekainaren 27an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun