Medikuntza fakultatean euskarazko ikasketak bultzatzea eskatu du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 22a, 16:10
Medikuntza fakultatea euskalduntzeko mobilizazio bat, Leioako campusean, artxiboko irudian. CC-BY URIOLA

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdetu dio Eusko Jaurlaritzari ea zer egingo duen Medikuntza fakultatean "euskarazko ikasketak bultzatu eta osasun-sistema euskalduntzeko". Gainera, Uberak ohartarazi du datozen urteotan 4.000 erizain eta 3.000 mediku inguru jubilatuko direla eta belaunaldi-erreleboak hizkuntza irizpideak kontuan hartu beharra dagoela.

EH Bilduk kezka adierazi du osasun-sistema publikoa "ez delako behar bezala prestatzen ari belaunaldi-erreleboari heltzerakoan hizkuntza irizpideak kontuan hartzeko eta, beraz, Osakidetzaren euskalduntze prozesuan aurrera egiteko, betiere herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatze aldera". Aralarreko kideak "kezkagarritzat" jo du medikuntza ikasketak euskaraz egin gura dituzten hainbat ikasle Euskal Herriko Unibertsitatetik kanpo geratu izana, "etorkizuneko profesionalen prestakuntza-prozesua euskaraz burutzea funtsezkoa delako osasun sistema publikoan hizkuntza eskubideak errespetatzeko".

Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari galdetu dio ea zer asmo duen Medikuntza fakultate horretan euskarazko ikasketak bultzatzeko eta, horren haritik, datozen urteoi begirako planifikazio integral bat egiteko, "hemendik gutxira Osakidetzak mediku eta erizainen behar handia izango duelako eta logikoena litzatekeelako eszenatoki hori prestatzerakoan hizkuntza irizpideak kontuan hartzea". Izan ere, "datozen urteotan 4.000 erizain eta 3.000 mediku inguru jubilatuko dira eta horrek ezinbestean ekarriko duen belaunaldi-erreleboa herritar guztien hizkuntza eskubideen errespetua bermatzeko baliatu behar du Jaurlaritzak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun