Mastitxu udal euskaltegian izena emateko aukera, zabalik

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 10a, 11:30
Hainbat ikasle Leioako Mastitxu udal euskaltegian, artxiboko irudian. © MASTITXU

Irailaren 20ra arte, aurrematrikula-epea zabalik egongo da Mastitxu Udal Euskaltegian. Aurrekoetan legez, aukera zabala ipini dute euskara ikasi gura dutenentzat.

Batetik, bakoitzaren denbora librearen eta euskara mailaren arabera, maila desberdinetako moduluak eta ordutegi malguak eskaintzen ditu Leioako euskaltegi publikoak. Aurten, gainera, Pinueta eta San Bartolome auzoetako bizilagunek gertuago izango dituzte euskara-gelak; izan ere, Gaztelubide txokoan eta San Bartolomeko kulturgunean taldeak osatzeko aukera egongo da, udal iturrien arabera.

"Bestalde, merkataritzan lan egiten dutenek eta ume txikien gurasoek ere ordutegi bereziak behar izaten dituztela jakin badaki euskaltegiak", adierazi dute bertoko arduradunek. Horrenbestez, euren ordutegiari egokitutako taldeak ere osatuko dituzte.

Horrez gainera, euskara ikasteko hainbat diru-laguntza daude. Hala ere, horiek jaso gura dituzten ikasleek betebehar batzuk edukiko dituzte: euskara-eskolen %85era joan beharko dute gutxienez, besteak beste. Argibide gehiago gura dituztenek honako bide hauek erabil ditzakete: 944 640 002 telefono zenbakira deituz, eta euskaltegi@leioa.net edo mastizuzen@leioa.net helbide elektronikoetara mezu bidaliz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun